Guardianen itxiera

“Guardianen itxierak utzi zigun alde positibo bakarra herriaren babesa izan zen”

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 29a

Aitor Peralek gertutik bizi izan zuen Guardianen itxiera. / Aiaraldea.eus

AITOR PERAL laudioarrak bete-betean bizi izan zuen Guardian konpainiako lantegiaren itxiera, langile ordezkaria baitzen enpresa batzordean. Garai oso latzak egokitu zitzaizkion eta urtebete igarota, hilabete horiek baloratu ditu.

Duela urtebete adierazi zuen Guardianek Laudioko lantegia itxiko zuela. Zu langileen ordezkarietako bat zinen, nola harrapatu zintuen albisteak?

Hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari ginen enpresarekin. Urtarrilaren 9an hasi ginen batzarrak egiten eta bat-batean, urtarrilaren 21ean albiste hori eman ziguten. Jakina, kolpe handia izan zen.

"Greba geneukan tresna nagusia zen eta hori gabe eskuak lotuta geratu ginen"

Greba deitu zenuten eta berehala bertan behera utzi zenuten, azalduko diguzu zergatik?

Arrazoi anitzak egon ziren, baina nagusia izan zen saiatu ginela greba egiten labearen hozketa eta suntsiketa ekiditeko. Ez dakigu oraindik nola, baina enpresa ideia horren jakitun izan zen. Legalki bost egun behar dira greba deialdia legeztatzeko eta tarte hori baliatu zuten labearen hozketa aurreratzeko eta grebaren helburua ezerezean uzteko. Gure ustez, geneukan tresna nagusia zen eta hori gabe eskuak lotuta geratu ginen.

Enpresari estrategia hori heltzeak mesfidantza sortu zuen langileen artean?

Enpresan langile asko ginen, bai bulegoan zein lantegian, maila erdiko arduradunak ere bazeuden… Edozeinek aipatu ahal izan zuen.

Kanpoko langileak eraman zituen Guardianek labea hozteko.

Bai, ez dakigu legala zen edo ez, baina argi dago enpresak nahi izan zuen moduan egin zuela. Bi aukera zeuden labeari zegokionez: Edo hoztu eta suntsitu edo hustu eta gero berreraiki. Ez zuten azken aukera hori ahalbidetu.

Asko hitz egin zenuten erakunde publikoen esku hartzeari buruz egun horietan.

Bai, labea hoztu zenean egon ziren erakunde publikoetako ordezkariak: Osalanekoak, Eusko Jaurlaritzakoak… Baina dena izan zen antzerki hutsa. Ez zuten ezer egin, lekuko izan ziren eta ez zuten trabarik jarri. Are gehiago, egon ziren argazkiak egiten eta pintxoak jaten. Eurentzat egun zoragarria izan zen, guretzat ez bezala.

Glavistaren itxiera izan zen aurretik, espero zenuten itxiera?

Ez, entzuten zen hurrengoak izango ginela, baina Guardianek estrategia itzela prestatu zuen. Guk uste dugu 2012ko grebaren ostean hasi zirela itxiera kudeatzen. Guardian zatitu zuten, Glavista saldu zioten funts putre bati eta orain argi dago dena prest zutela. Dena den, guk ez genuen uste hori gertatuko zenik, enpresa 90 urtez egon da Laudion eta ez genuen espero.

Zein da Guardian eta Glavista zatitzeko arrazoia, zuen ustez?

Sakabanatzea eta irabaztea. 2012an ikusi zuten indarhandia zutela beharginek, ikusi zuten indar eta batasun sindikal handia zegoela eta horrela zaila izango zela. Hobe zen beharginak banatzea eta etorkizunean egin dutena egikaritzea. Aspaldi landutako estrategia itzela izan zen.

Behin labea itxita, nola bizi izan zenuten prozesua?

Bagenekien ez genuela gauza handirik egiteko. Hori zen gure aktibo nagusia, eta zailtasun gehiago agertu ziren. Oso bakarrik egon ginen, soilik herriko jendeak babestu gaitu. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren aldetik ez dugu laguntzarik jaso.

Langile batasuna apurtzeko ez ezik, azkenean bizi zen egoera behartzeko modua ere izan zen Glavista eta Guardian banatzea?

Aldagai gehiago egon ziren hor. Enpresak lan egin zuen bere helburuak lortzeko, baita superintendenteek ere. Banatzen eta beldurra sartzen aritu ziren, baina bazegoen ere jendea ahalik eta lasterren bukatu nahi zutenak, bere bizitza antolatzeko eta atal berria hasteko.

Horrez gain, Glavistaren gatazkak ere beldurra sortu zuen langile batzuen artean. Guk azaldu genien egoera ezberdina zela, baina beldurra bazegoen.

Gogoratuko diguzu nola amaitu zen Guardianeko lan gatazka?

Negoziatzen ari ginen. Dakizuenez, sindikatuek ez dute sinatzen kaleratze akordiorik, eta ez geunden horretan. Saiatzen ari ginen guztiontzako ahalik eta baldintza onenak lortzen eta, jakina, luzatzen ari zen. Hilabeteko epea zegoen eta agortu genuen.

Orduan beharginen talde batek eskatu zuen bozkatzea. Egin genuen eta bozketa horretan zeuden superintendenteak, Guardianeko nagusiak, maila erdiko arduradunak… Azkenean, gutxigatik izan bazen ere, langile gehienek nahi zuten akordioa sinatzea eta eskuak lotuta geratu ginen sindikatuok.

Akordio hori sinatu izanak ezer ezean utzi du zuek abiatu nahi zenuten ibilbide judiziala.

Berez, ez genuen ezer sinatu, baina langileek jaso zutenaren truke, guk ez genuen epaitegira jo. Sindikatuon helburua zen salaketa egitea. Ikusita nola ari zen jokatzen enpresa, argi zegoen dena zela aitzakia. Hemen gertatutakoa iruzur izugarria izan zen eta egin dute nahi izan dutena.

Nire ustez, bide judizialaren bitartez egoera hobean bukatu ahal zen.

Ez zeuden benetako arrazoiak ixteko. Txosten teknikoek adierazten zuten labea arazorik gabe konpondu ahal zela. Labearen berreraikuntzaren atarian geunden, hogei urtero egiten da, baina ez zuten egin nahi. Aitzakia hori eta merkatuena baliatu zuten.

Zer gertatu da hemengo ekoizpenarekin?

Tuterako enpresa geratu da bakarrik Euskal Herrian eta Europan beste batzuk dituzte. Hemengo materiala eta ekoizpena Polonia, Tuterara eta beste lekuetara bidaltzen ari dira.

Zein da lantegiko egoera egun?

Hasieran esan zuten itxiera erabatekoa izango zela, gero partziala, eta azkenean, oraindik Laudion badaude zenbait nagusi eta bizpahiru behargin. Antza, apirilean amaituko zaie kontratua eta itxiko dute.

Eta zuena?

Behargin asko lanean gaude jadanik, baina beste asko ez. Bizimodua berreraikitzen ari gara modu batean edo bestean. Guardianen 21 urtez egon naiz. Bizitza erdia. Bizimodua guztiz aldatu zait eta gaurko ikuspuntuarekin nahiago dut bizitako une politekin geratzen naiz eta nire lagunekin. Egia esanda, ez dugu elkar ikusten askotan.

"Pena eman zidan nola bukatu zuen guztiak, uste dut zerbait hobea merezi genuela guztiok"

Babes gutxi izan zenuten kanpoan, baina herria zuen alde zegoen?

Hori izan zen alde positibo bakarra. Izugarria izan zen eta nik ez dut inoiz ahaztuko urtarrilaren 31ko manifestazio horretan egondako jende mordoa. Esan zuten 3.000 lagun egon ginela eta alde batetik oxigeno puztukia izan zen guretzat.

Amaiera ikusita, pena eman zidan nola bukatu zuen guztiak, uste dut zerbait hobea merezi genuela guztiok.

Erakunde publikoek esan zuten proiektu bideragarria eskuratzeko lanean ari zirela, baina momentuz ez da ezer gauzatu, zein sentsaziorekin amaitu zenuen zuk?

Ez da sentsazioa. Argi geneukan hasieratik ez zegoela ezer. Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak esaten zuenean bazegoela jendea prest dirua inbertitzeko eta hilabate gutxitan lantegia berriro irekitzeko, bistakoa zen ez zela egia. Kea baino ez zen. 

Gaur egun ere esaten dute Talgo etorriko dela, baina ez dago ezer. lehen bezala. Urtebete igaro da eta ez dago ezer, kea besterik ez. Ez dute lagundu, ez dute herriaren edo langileen alde ezer egin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide