MARIA PEREZ GAVIRA ETA IÑAKI URKIXO PEREZ

“Baserrietan erreleborik emango bada, Euskal Herrira etorri berri den jendearen eskutik izango da, eta bide hori erraztu behar dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 28a

Aldai plazan jasoko dute omenaldia Maria Perez Gavirak eta Iñaki Urkixo Perezek larunbatean. / Aiaraldea.eus

Laudioko San Blas Azokako aurtengo omenduak izango dira MARIA PEREZ GAVIRA (Cadiz, 1946) eta IÑAKI URKIXO PEREZ (Laudio, 1971), Oleta baserrian egin duten ibilbideagatik. Lehen sektorearen orainari eta etorkizunari buruz mintzatu dira.

Omenaldia jasoko duzue larunbateko San Blas azokan. Nola jaso duzue albistea?

Iñaki Urkixo Perez: Oso pozik. Ohorea da zure herrian bertan aitortza jasotzea 30 urte daramazunean izkina guztietatik bueltak ematen, baloratzekoa. 

Eta zuk, Maria, nola jaso duzu?

Maria Perez Gavira: Nik ulertzen dut aitortza Iñakirentzat dela, logikoki, baina ni ere sartu naute… ez naiz denboraldi on bat igarotzen ari, baina ahal dudan ahaleginik handiena egingo dut omenaldia jaso eta prestatu dutenei eskerrak emateko. 

I.U.P.: Omenaldia Oleta baserriari egiten zaio, ez pertsona zehatzei. Nik behintzat horrela ulertzen dut. Aitortza bada guri, egon direnei eta egongo direnei. 

Hainbat belaunaldi igaro dira dagoeneko Oletatik eta, gainera, badirudi korrontearen kontra doan baserria dela. Aurreko belaunaldietako kideak ez ziren hortaz bizi. Oraingoa, aldiz, bai. 

M.P.G.: Birraitona zen baserriaz bizi izan zen lehena. Aitonak, aldiz, irina fabrikan lan egiten zuen, eta Villosan gero. Beste anaia batek JEZen egiten zuen lan… profesionalki lan egin duen bakarra “birraititea” izan da, nire bilobak dioen bezala. 

I.U.P.: Hemengo beste baserriek bizi izan duten prozesu bera bizi izan du Oletak ere, baina gure kasuan, ni hasi nintzenean eta gero nire anaia batu zenean, baserria jarduera nagusi moduan berreskuratu genuen. Badaude horrelako kasu gehiago, ez da horren arraroa, zaila den arren. 

"Omenaldia Oleta baserriari egiten zaio, ez pertsona zehatzei. Aitortza bada guri, egon direnei eta egongo direnei"

M.P.G.: Nire senarraren aitona Santa Luziatik etorri zen eta bertan eraiki zuen.

Baserria existitzen zen ordurako?

M.P.G.: Berak eraiki zuen, ordurako jada existitzen zena albokoa zen, lehena. Hori berritzen joan ziren. 

I.U.P.: Ez dakigu zehatz mehatz. Badirudi jatorrizko baserria apur bat beherako dagoen bat dela, oraindik mantentzen dena, eta gero gorantz joan zirela. Ez dakigu gertatu zena gentrifikazioa edo zer izan zen (barreak). Bitxia da, lur onenak behean daudelako. Berez, hemengo lur onenak hemen daude, haranean, baina ekoizpen zentroak hortik urrunduz joan dira.

M.P.G.: Baserrian erreformak egin behar izan ziren, noski, urteen poderioz konponketak behar izan dituelako.

Zein ibilbide izan du Oleta baserriak urte hauetan guztietan zehar?

I.U.P.: Gu oilaskoekin hasi ginen, integrazio sistema batean. Hori baino lehen Oleta bazen baserri bat zerealak ekoizten zituena batez ere, zaila dirudien arren. Haragia ez zen ekoizpen nagusia, imajinatzen dut garai hartan produzitzen zuten haragia lanerako baliatzen ziren animaliena izango zela. 

Horren ostean, baserriaren jarduna autokontsumo moduan mantendu zen, ortu eta haragi ekoizpenarekin. Esne-behiak ere egon ziren. Hortik aurrera, ekoizpen unitate profesional moduan berreskuratu zen baserria, duela 30 urte inguru. Oilaskoekin hasi ginen, integrazio sistema batean. Gero integrazio sistematik atera ginen salmenta zuzena egiteko, ekologikoan ekoiztera pasa ginen ondoren…

Zertan datza “integrazio sistema” hori?

I.U.P.: Gurea bazen integrazio sistema nahiko bitxi bat, “integradora” baserritarrok osatzen genuelako, bazkide moduan. Ekoizten genuena “integradora” horri saltzera konprometitzen ginen. Ez da sistema txarra, baina eskuak apur bat lotzen zizkigun. 

Guk hortik atera ginen ez zigulako gehiago handitzeko aukera ematen, sabaia jo genuen. Horregatik jo genuen salmenta zuzenera, eta gero pasa ginen ekologikoan ekoiztera. 

Zaila izan zen ekologikoan ekoiztera pasatzea?

I.U.P.: Ez, gurea ez zelako oso sistema intentsiboa. Epe batzuk bete behar izan genituen dena orekatu ahal izateko, baina ez zitzaigun konplikatu. 

Eta zuk, Maria, aldaketa asko sumatu duzu zure garaiko ekoizpen eredutik gaur egungora?

M.P.G.: Ez, gaur egun ekologikoa deitzen zaion hori badelako guk beti izan duguna: etxeko arrautzak, ogia, barazkiak… dena ekoiztu dugu etxean. Esan dezakegu beti jan dugula ekologikoki. 

Gure garaian ez genuen ezer saltzen, dena zen etxean kontsumitzeko. 

I.U.P.: Nik bai nabaritu dudala bilakaera 30 urte hauetan. Eta titular bat botako dizut: urte dut azken garai hauetan apurtu egin dela baserritarron eta gizartearen arteko harremana, eta bi aldeetatik. Gu beti kexatzen gara esanez gizarteak ez diola baserriari begiratzen, baina baserria ere ez dago gizartera begira. Apurketa horren ondorioz, geroz eta pertsona gehiago dira diotenak gaur egun ezagutzen dugun eredua hamar urteren bueltan agortuko dela. 

"Gu beti kexatzen gara esanez gizarteak ez diola baserriari begiratzen, baina baserria ere ez dago gizartera begira. Apurketa horren ondorioz, geroz eta pertsona gehiago dira diotenak gaur egun ezagutzen dugun eredua hamar urteren bueltan agortuko dela"

Horregatik, akordio komunitario berri bat behar dugu, duguna apurtua dagoelako. Berri bat eraiki behar dugu, bi aldeetatik. Nekazaritza ekoizpenak gizarteari begiratu behar dio eta alderantziz, ekoizpen hori delako elikagaiak sortzen dituena. 

Nola irudikatzen duzue epe ertaineko etorkizun hori? Nola bermatu daiteke belaunaldi aldaketa?

I.U.P.: Aipatu berri dugunaren ildotik, akordio etiko-komunitario berri bat behar dugu, baita belaunaldi aldaketari begira ere. Une honetan, nik ez dut uste errelebo hori hemen gaudenon eskutik etorriko denik. Baserrietan erreleborik emango bada, Euskal Herrira etorri berri den jendearen eskutik izango da, eta hori da erraztu behar dugun bidea. Hamar urte ditugu horretarako. Denbora asko dirudi baita segituan pasako da, eta ezer ez geratzen ez denean ezinezkoa izango da ezer abiatzea. Egokiagoa da orain mugitzea eta etorri berri den jendeari bidea irekitzen hastea, gurekin egituratu ahal izateko. 

Baserritarren eta gizartearen arteko urrunketa aipatu duzue. Zer arrazoi uste duzue daudela horren atzean?

I.U.P.: Gu, orokorrean, badirudi gizartean dituen arazoetatik aldenduta bizi garela. Aipatu berri dizudana da horren adibide: badago jende mordoa Euskal Herrira etorri berri dena eta bizitza bilatu behar duena, aurretik beste batzuk etorri ziren modu berean, ez da ezer berria. Eta nik ez dut ikusten biderik zabaltzen ari denik jende hori gurean egituratu ahal izateko. 

Bestetik, eskualde honetan oso argi ikusten ari da: prekarizazio prozesua basatia da. Gizarte dual batera goaz ziztu bizian. Orain dela urte batzuk eszenatoki posible bat bezala irudikatzen zen gizarte dualarena, eta orain patatekin jan dugu. Gizarte baterantz goaz zeinetan aberatsa edo txiroa zaren, erdibiderik gabe. Geroz eta jende gehiago gara hortik kanpo geratzen ari garenak, eta bazter horretan topatuko gara Euskal Herrira etorri berri den jendearekin, eta hortik hasi beharko gara eraikitzen. Bazter berri hori izan beharko litzateke lehen aipatutako akordio komunitarioa. 

"Gizarte baterantz goaz zeinetan aberatsa edo txiroa zaren, erdibiderik gabe. Geroz eta jende gehiago gara hortik kanpo geratzen ari garenak, eta bazter horretan topatuko gara Euskal Herrira etorri berri den jendearekin, eta hortik hasi beharko gara eraikitzen"

Prekarizazioaren aurrean ere ez gara egokitzen ari, ez gara gai izaten ari alternatiba bat aurkezteko. 

Zuen baserriaren kasua da horren adibide. Aipatu duzue aurreko belaunaldiek Villosan edo antzeko lantegietan lan egitea zutela ogibide, eta baserrikoa jardun osagarria zela. Gaur egun, aldiz, fabrika horietako asko itxita daude.

M.P.G.: Garai hartan ez ginen horretaz bizi. Ortua lan egiten genuen, baina etxerako. 

I.U.P.: Eta zuk aipatu duzu bere garaian esne-behiak zenituztela, baina esnea berez garestia zelako. 

M.P.G.: Lehen baserrietara joaten zinen esne bila. Orain, aldiz, ez. Gaur egun nire inguruko jendeak dio arrautzak oso garesti daudela. Jakina, oiloek jaten dute, eta ez zaie industria handietan baliatzen diren pentsuak ematen. Horiek ez dute belarra ez ezer ikusten. Letxugekin berdin: ekoiztu behar dira. Supermerkatu handietan dena merke erosi dezakezu, baina  ez didazu batzuen eta bestean kalitatea konparatuko… betiko gai bera, eta horrela funtzionatzen du munduak. 

Larunbateko San Blas azokari dagokionez. Zer iritzi duzue mota honetako feriei buruz? Balio dute tokiko ekoizleentzat?

I.U.P.: Denetarik dago. Ezin dira feria guztia zaku berean sartu, eta zaku berean sartu ezin diren horien artean badaude batzuk oso positiboak diren ezaugarriak dituztenak, honako hau kasu. Badago pertsonez osatutako elkarte bat, lan militante bat egiten duena lehen sektorea babesteko, ekoizpen modu zehatz bati jarraituta gainera. Hau ezin da Bilboko Santo Tomasekin alderatu, adibidez. Bi azokek dute ikuskizun izaera, baina hori ez da txarra berez. Bada eskualdean dagoena erakustea, hori da Laudioko sanblasetan ikusi ahalko dena. Beste kontu bat da folklore huts batera mugatzea, txakolina eta taloa jarrita 8 euroko prezioan, Bilbokoan bezala. 

Gauzak hala, niretzat badaude azokak eta azokak. Badaude eskualdean errotuagoak daudenak. Agroekologiaren kontzeptua garatu zuenak esaten zuen hiru hankek sostengatzen zutela: ekoizpen jasangarriak, ekonomikoki bideragarriak eta kulturalki errotuak. Horrek esan nahi du ez sartzea elikadura kanaletan gizartearen kulturara egokitu gabeko jakirik. Kontuan hartu behar da faktore kultural hori. Hori aintzat hartuta, San Blaseko antolatzaileen lan militantea baloratzeko modukoa da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide