Aldarrikapenez beteriko arratsaldea izango da gaurkoa Laudion. Izan ere, SOS Aiaraldea plataformak Maderas de Llodioko langileen babesean deitutako mobilizazioaren ostean, palestinar erresistentziaren aldeko poesia errezitaldiak hartuko du herriko plaza.
Laudio-Palestina taldeak hileko azken ostegunean egiten ditu mobilizazioan eta gaurko antolatu du ekimena. Zehazki, Susa argitaletxeak ondutako bildumako olerkiak izango dira irakurriak. Hain zuzen ere, herriko hamasei ahotsek —ezagunak batzuk, ezezagunagoak besteak— hartuko dute hitza, hala nola Jon eta Patxi Iturregik, Malen Atxak edo Kepa Barañanok.
16 poema Palestinako
"Palestinako herriaren sufrimendua, erresistentzia eta borroka kontatzeko modu asko daude, eta poesiarena da horietako bat". Hala aldarrikatzen dute Susako kideek eta helburu horrekin prestatu zuten hamasei poema horiek biltzen dituen argitalpena, iazko Durangoko Azokaren testuinguruan irakurleen artean banatzeko.
Euskal Herriko itzultzaile eta idazleek —ezagunak batzuk, ezezagunagoak besteak, kasu honetan ere— euskaratu dituzte belaunaldi ezberdinetako poeta palestinarren olerkiok. Honela dio, hain zuzen, argitalpenaren aurkezpenak:
1917an jaiotako Fadua Tuqan eta 1998koa den Mohammed el-Kurd; Mahmud Darwish poeta eta aktibista politiko beteranoa eta Yaffa As poeta eta aktibista trans gaztea; XX. eta XXI. mendeko hamasei poeta palestinarren ahotsa ekarri dugu liburuxka honetara, ezinbestean bere lurraldeari eta jendeei gordin lotua dagoen poesia, ahotsa ez ezik garrasi ere izan dadin.
Palestina nozitzen ari den genozidioa euskaraz ere irakurri eta entzun dezagun.