Laudioko EAJk oharra zabaldu du herriko azken udalekuen kontratazio eredua kritikatzeko. "Horien kostua 60.000 eurotik gorakoa izan zen, eta zatikako hainbat fakturaren bidez ordaindu zen. Faktura horietako batzuk kontratu txikietarako ezarritako 15.000 euroko legezko muga baino askoz handiagoak dira. Udal kontu-hartzailetzaren txostenak berak jasotzen duen bezala, praktika horrek Sektore Publikoko Kontratuen Legea urratzen du berariaz, kontratuak zatitzea debekatzen baitu dagozkion esleipen-prozedurak saihesteko helburuarekin. Era berean, EAJ-PNVk gogorarazi du udal kontu-hartzaileak eragozpena eman zuela, eta argi adierazi zuela ezin dela kontratu bat zatitu haren zenbatekoa artifizialki murrizteko", zabaldu dute prentsa ohar bidez.
Oposizioko taldeak azpimarratu du hori egiteko salbuespen egoeretarako erreserbatuta dauden formulak erabili zituela udal gobernu taldeak eta kontratu horietako batzuk aldez aurreko esleipenik gabe eta dagokion teknikariaren txostenik gabe izapidetu zirela. Jeltzaleen aburuz, horrek erakusten du EH Bilduk aurreikuspenik gabe lan egin zuela.
Halaber, Ander Añibarro bozeramaile duen taldeak leporatu dio udal gobernu taldeari gardentasun falta informazioa partekatzeko orduan, eta erantzunkizun politikoak ere eskatu ditu.
EH Bilduren erantzuna
Aiaraldea Komunikabidea udal gobernu taldearekin jarri da harremanetan eta honek aipatu du udalekuen kontratazio prozeduran erabat gardenak izan direla: "Lehen Kultura Sailak kudeatzen zuen eta iaz Kohesio Sozialaren esku geratu zen. Aldaketa hori egin bitartean, denbora gabe geratu ginen esleipena ateratzeko eta beste modu honetan egin genuen, baina alderdi orori azaldu genion eta behin-behineko neurria izan zen. Alegia, aurten esleipen bidez kontratatuko dugu".
Halaber, Komunikabideak kontratatutako enpresarekin ere hitz egin du eta honek bakarrik nabarmendu nahi izan du begirale guztiek kobratu dutela egindako lana.