IGOR CASTILLO

“Laudioko abizenen eta baserrien historiak agertu dira eta horrek ilusioa sortu dio jendeari”

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 5a

"Gure jatorrien atzetik" liburua osatu du Igor Castillo laudioarrak. / Aiaraldea.eus

IGOR CASTILLOk Laudioko 100 abizenei buruzko ikerketa egin eta liburu batean jaso du, tokiko historia eta ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko. Jadanik bigarren edizioa kalean dago.

Duela gutxi liburua argitaratu duzu, zein da izenburua?

Gure jatorrien atzetik. Bigarren edizioa egin dugu jadanik. Laudioko abizenei buruzko ikerketa da. Zehazki, Laudion azken bost mendeetan hedatu diren abizen garrantzitsuenaei buruzkoa. Hasieran 75 abizen aukeratu nituen eta berrikuspenaren ondoren 100ean borobildu genuen kopurua.

Zein izan da irizpidea abizen horiek hautatzeko orduan?

Esan behar dut, lehenik eta behin, guztiak ez direla Laudiokoak edo Laudion sortutakoak. Eremu askokoak daude: Laudio, Orozko, Okondo, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Amurrio… Aukeratzea ez da lan erraza: antolatu behar dira, mendeka zerrendatu, data guztiak bildu… 

Hori egin ondoren 200 abizen agertu zitzaizkidan, herrian denbora luzez zein laburrez egonagatik ere ekarpen garrantzitsua egin zutelako. Gero iragazkia pasa eta 100 geratu ziren.  

Oro har, irizpidea izan da azken bost mendeetakoak egotea, baina, adibidez, XVI. mendeari garrantzia eman diot, lotura handia zegoelako abizenen eta leku izenen artean.

200 abizen horien artean, zenbat heldu dira XXI. mendera?

Ehuneko zehatza ezin esan. Egun fenomeno orokorra da abizenak ondo transmititzea. Gure abizena bat izanda, horrela hartuko dute seme-alabek ez badugu aldatzen edo euskaratzen, baina XVI. eta XVII. mendeetan abizen aldaketa ugari gertatu ziren. Egiaztatuta dago kasu askotan abizenak aldatzen zirela leku izenekin.

Adibide bat jartzearren: XVI. mendean Berrio abizena oso garrantzitsua zen Laudion. Berrio kuadrilla baten barruan zegoen, Larrean, hain zuzen, Latiorro inguruan. XVII. mendean abizena desagertu zen, oso garrantzitsua izan eta gero. Horrek esan nahi du jende horrek beste abizen bat hartu zuela. Zein? Larrea. Leku izen txikia beste baten truke aldatu zuten, handiagoa zelako. Horrelako kasu ugari ditugu. Bertoko abizen asko desagertu ziren.

Egun abizenak garrantzitsuak dira, baina aurreko mendeetan bestelako esanahia zuten?

Pentsatu behar dugu belaunaldiz belaunaldi transmititu direla eta gure abizenak, oro har, nahiko ezberdinak direla elkarren artean, baina Erdi Aroan zabaldu zirenean patronimikoak ziren, aitaren erreferentzia hartzen zuten. 

"Oro har, irizpidea izan da azken bost mendeetakoak egotea, baina, adibidez, XVI. mendeari garrantzia eman diot, lotura handia zegoelako abizenen eta leku izenen artean"

Adibidez, Iñigo baten aita Martin bazen, bere izen-abizenak Iñigo Martinez ziren. Abizenak sortu zituzten pertsonak ezberdintzeko, eskribauen lana errazteko. Hala ere, izen gutxi eta abizen gutxi zeudenez, arazoa berriro sortu zen eta Euskal Herrian topatu zuten konponbidea izan zen baserriaren abizena gehitzea. Ondorioz, aurreko pertsonaren izen-abizena, Goikoetxea baserrikoa bazen, Iñigo Martinez de Goikoetxea litzateke.

Euskal Herrian patronimikoek ez zutenez aparteko informaziorik ematen, leku izena geratu zen. Hala ere, ez udalerri guztietan: ze Arabako Lautadan patronimikoak eta toponimikoak mantendu dituzte, euskal eta gaztelar kultura nahastu direlako.

Izan ere, Espainiako Estatuan patronimikoak gailendu dira eta Euskal Herrian toponimikoak. Beste leku batzuetan nahasketa egon da eta biak mantendu dira, modu oso orokorrean laburtzeko, berez konplexuagoa baita.

Eta zuk zehazki zer landu duzu abizenei dagokienez?

Liburuak bi atal oso ezberdin ditu. Bigarrena eta gehien kontsultatuko dena abizenena da. Lehena oso garrantzitsua da bigarren atala hobeto ulertzeko eta interpretatzeko zenbait azalpen eskaintzen baititu. 

Abizenei dagokienez, armarria ere azaltzen da. Gure armarria benetan gure familiakoa den jakiteko ikerketa egin behar dugu artxibategietan, zehazteko zein leinutik gatozen. Etimologia ere aztertzen da, hitzaren esanahia zein den eta nola sortu zen argitzeko. Euskaraz oso garrantzitsua eta aberasgarria da hori egitea.

Aurreko mendeetan abizena non egon den ere azaldu dugu, gehienbat XVI. eta XVII. mendeetan non agertu ziren garai goiztiarretan eta nora zabaldu ziren. Laudiori buruzko informazioa ere jaso dugu mendez mende jakiteko zenbat erregistro izan dituen abizen bakoitza. Azken mendean Udaleko erroldak baliatu ditugu zehazteko zenbat egon diren.

Kasu batzuetan zehaztu dut zein den Laudioko lehen erregistroa. Ez bada hemengoa, ikertu dugu nondik heldu zen eta nork ekarri zituen. Leku izena ere aztertu dut. Atxa abizenari buruz aritu bagara, Atxa baserrira jo dugu datuen bila.

Amaitzeko, abizenen zabalpena estatu osoan ere aztertu dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide