Txinan zaude une honetan ikasketak egiten. Nola amaitu duzu bertan? Zer zaude egiten zehazki?
Alemanian industria ingeniaritza ikasten ari nintzen orain arte, eta nire karreran trukerako aukera mota asko eskaintzen ziren. Haietako bat, nik aukeratu nuena, gradu bikoitza zen Shanghain, Tongjiko unibertsitatean. Txinan urtebetez geratzen banintzen ikasten, bigarren karrera baten titulazioa lor nezakeen, nik nuena baino gehiago. Oso ideia ona iruditu zitzaidan, eta aurkeztea erabaki nuen. Ikasketa horiek egiteko baldintzak betetzen nituen jakin nahi nuen, eta onartu egin ninduten.
Txinako egunerokoa bizitzeko aukera izan duzu. Imajinatzen zenuen bezalakoa da? Zerk harritu zaitu gehien?
Erabat desberdina da dena hemen. Jendea oso errespetuzkoa da, eta zure diru-zorroa kale erdian utz dezakezu, inork hartuko ez duelako. Hori bai, kale guztietan ia hamar kamera daudelako ere bada. Ingelesa dakiten txinatar ikasleek beti hitz egin nahi dute, haien ingelesa praktikatzeko. Eta harrigarriena da oso zorrotzak direla gauza guztiekin errepideko arauekin izan ezik. Ez dut ulertzen nolatan ez duten auto-istripurik, baina bakoitza nahi duen lekutik joaten da: motorrak espaloitik doaz mugikorrari begira; taxilariek berrogei pantaila dituzte alboetan, eta taxi batzuek gidaririk gabe funtzionatzen dute.
Oso ezberdina da bertako bizimodua hemengoarekin alderatuta? Zeintzuk dira sumatu dituzun ezberdintasun nabarmenenak? Eta antzekotasunik badago?
Bai, hemen, adibidez, 11:30ean jaten da eta 17:00etan afaltzen da. Dena zotzekin jaten da, eta hori hasieran pixkat zaila egin zitzaidan. Diskoteka, rooftop eta horrelako leku gehienetan doan sartzen uzten zaituzte europarra izateagatik, eta Shanghaiko erdialdean gauza asko daude egiteko.
Txinako beste leku batzuetan ere izan naiz, natura-inguruneetan esaterako; baina aitortu behar dut ez zaidala asko gustatzen nola dauden montatuta leku horietako asko, Txinako mendi eta baso polit askotara joan naiz, baina dena oso masifikatuta dago: erremolkeak, tele kabinak eta igogailuak daude tontorretara igotzeko, sarrera ordaintzen baduzu. Leku hauek ederrak dira, baina niretzat erremolke hauekin guztiekin grazia asko galtzen dute inguruek, bereziki jendez betetzen direlako.
Eta ikasteko moduan, ikasle moduan, nabaritu duzu ezberdintasunik?
Egun gehienetan 8:00etatik 20:00etara izaten ditut klaseak, eta horregatik unibertsitatean pasatzen dut denbora gehien aste barruan. Txinatarrek asko ikasten dute eta unibertsitateko liburutegia Bilboko Iberdrola eraikina bezalakoa da. Erraldoia da, eta beti egoten da ikasten ari den jendez lepo goizaldeko hirurak arte. Batzuek hor egiten dute lo, lehen hiru solairuak ez dituztelako inoiz ixten.
Garapen teknologikoa, kontrol soziala, landa eremuaren eta hiriaren arteko ezberdintasunak... gauza asko aipatzen dira mendebaldean Txinari buruz. Zer nabarmenduko zenuke zuk?
Txinan etorkizunean bizi dira, eraikin guztiak erraldoiak dira baita leku urrunetan ere. Argi asko dago nonahi, robotak daude lan askotan sartuta, denden % 90ek ez dute eskudirua onartzen eta dena mugikorrarekin ordaintzen da. Mugikorrik gabe ezin duzu Txinan biziraun. Gainera, mugikorrean debekatuta dute Instagrama, YouTube, Google... Txinan Alipay eta WeChat aplikazioak baino ez dituzte erabiltzen, eta horien barruan dena egin dezakezu.
Eta hizkuntza aldetik, nola moldatzen zara?
Ingelesa eta alemaniera ikasteko aprobetxatzen ari naiz egonaldia. Nire eskola ordu guztiak ingelesez dira, bat izan ezik, alemanez dena. Eskola guztietan alemaniarrak eta txinatarrak daude, ni espainiar bakarra naiz. Unibertsitatetik kanpo, aldiz, nire mugikorreko itzultzailearekin joaten naiz toki guztietara txineraz ezer ere ez dakidalako.