Eusko Jaurlaritzak alokairuko 93 etxebizitza eraikiko ditu Laudion, Goikoplazan

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 4a

Eusko Jaurlaritzak alokairuk 1 1770215855899
Eusko Jaurlaritzak alokairuk 2 1770215856385
Eusko Jaurlaritzak alokairuk 3 1770215856640
Eusko Jaurlaritzak alokairuk 4 1770215856908

Laudioko Udalak laga dituen bi lursailetan egingo dituzte eraikinak eta 14,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, gero Alokabidek kudeatu ditzan. Maiatzean hasiko dira lanak eta 2028n eta 2029an izango dira entregak.

Jaurlaritzak maiatzean hasiko du Laudion alokairuko babes ofizialeko 93 etxebizitzen eraikuntza. Zehazki, Zumalakarregi hiribideko 55 eta 57. zenbakietan eta Goikoplaza kaleko 10. zenbakian egingo dira eta Alokabidek kudeatuko ditu.

Eusko Jaurlaritzak azaldu du ekimena erakundeen elkarlanaren emaitza izan dela, 14,7 milioi euroko inbertsioa Laudioko Udalak doan lagatutako orubeetan izango baita.

Lehen 29 etxebizitzak 2028ko erdialderako entregatzea aurreikusi dute eta babes ofizialeko beste 64 etxebizitzak, aldiz, 2029ko hasiera alderako, eraikuntza-lanak amaitu eta dagozkien administrazio-tramiteak bete ondoren. 

Alokabidek kudeatuko ditu higiezinak eta Denis Itxaso Sailburuak azaldu du Laudion egoera honako hau dela: "835 bizikidetza-unitate daude Etxebiden inskribatuta, eta horietako 678k alokairu-araubideko etxebizitza eskatu dute. Horietako 392k araubide orokorreko babes ofizialeko alokairuko etxebizitza eskuratzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituzte, 9.000 eta 46.463,29 euro bitarteko urteko diru-sarrerak dituzte-eta".

Halaber, Itxasok argitu du zenbait azpiegitura tokiko erakundearen esku geratuko direla: "AR-2 partzelan eraikitako lokalak Udalari doan lagatuko zaizkio, gizarte-zuzkidura gisa erabil ditzan. Gainera, akordioak hiru etxebizitza ere erreserbatzeko aukera aintzat hartzen du, hirigintza-jarduketek eraginpean hartu dituzten edo premia bereziak dituzten pertsonei adjudikatzeko".

8 altuerako 64 etxebizitzako proiektua

Babes ofizialeko alokairuko 64 etxebizitzen kokapena Zumalakarregi hiribideko 55 eta 57. zenbakietan dagoen Goikoplaza esparruko AR-2 partzela da. Behin-behineko aparkaleku batek okupatzen du orube hori gaur egun.

Construcciones Olabarrik egingo duen eraikinak bi soto, beheko solairua eta zortzi altuera izango ditu. Blokeak, gainera, bi komunikazio-nukleo eta espazio komun zabalak izango ditu. Ekimenak logela bateko 16 etxebizitza, bi logelako 43 etxebizitza (horietako hiru egokituak) eta hiru logelako bost etxebizitza izango ditu.

Eraikuntzaren eta energiaren ikuspuntutik, prestazio handiko isolamenduak, panel fotovoltaikoak eta berokuntza elektriko efizientea izango ditu, eta elementu industrializatuak fatxada eta bainugeletan. Proiektuaren aurrekontua 8,8 milioi eurokoa da.

Bi bloke eraikitzea aurreikusi dute, 64 etxebizitzakoa bata eta 29koa bestea.

29 etxebizitza gehiago

Horrez gain, beste 29 etxebizitza egingo dituzte Goikoplaza kaleko 10. zenbakian. i2G Apraiz Marchal Barberena Arquitectos SLk idatzi du proiektua eta BYCAM Servicios Edificios e Infraestructuras SAk egikarituko du, 5,17 milioi euroko inbertsioa eginda.

Etxebizitzetarako sarbidea beheko solairu altxatu batetik egingo da, arrapala eta eskailera bidez, eta eraikina L baten modura garatuko dute, sotoko solairurik gabe.

Logela bateko lau etxebizitza, bi logelako 22 etxebizitza (horietako bi egokituak) eta hiru logelako hiru etxebizitza izango ditu. Etxebizitza guztiek izango dituzte aireztapen gurutzatua eta eguzkiaren aprobetxamendua ahalbidetzen dituzten orientazioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide