Portugalekoa zara jaiotzez baina txikitatik daramazu Andorran bizitzen. Nola amaitu duzu Laudion?
Portugalen egiatan oso gutxi bizi izan nintzen, 6 urterekin Andorra emigratu nuelako gurasoekin. Gainera, aurretik urte batzuk igaro genituen Suitzan bizitzen. Gauzak hala, 6 urtetatik 21-22 urte izan arte Andorran bizi izan nintzen. Urte batzuk igaro nituen Lleidan ikasten, baina Andorran hazi naiz.
Ondoren bi urtez egon nintzen Suitzan bizitzen. Neguko denboraldian lan egitera joan nintzen eta denbora gehiago geratu nintzen azkenean.
Betidanik nahi nuen argazkilaritza ikasi, baina inoiz ez nintzen horretara jarri. Horregatik, 2021ean, pandemiaren ostean, Bilbora joan nintzen horretarako. Laudion bizitzen nago orain nire bikoteak pisu bat zuelako hemen, bere amonarena. Bilboko alokairuak oso garestiak dira eta konponbide bat izan zen hona etortzea.
Ezberdintasun asko sumatzen duzu Andorrako bizimodutik hemengora?
Ni beti bizi izan naiz herri txikietan. Bilbo izan da bizi izan dudan hiririk handiena. Urtebete egon nintzen bertan eta ez dut argi tokirik egokiena ote zen niretzat (barreak). Gustuko dut toki txikien lasaitasuna. Hemen ere badago bizitza eta beti daude egiteko gauzak. Baliteke ez egotea hiri handi batean dagoen eskaintza, baina uste dut aproposagoa dela bizi-kalitateari dagokionez.
Andorrarekiko ezberdintasunei dagokionez, aipatu behar dut hemengoa haran ezberdina dela. Andorrako mendiak altuagoak dira eta harana askoz itxiagoa da. Horregatik, oso ezberdina da paisaiari dagokionez, Andorran lau mendiren artean kokatuta ikusten duzulako zure burua.
Bertan baditut betiko lagunak. Oporretan noanean agenda betea izaten dut pertsona guztiekin topo egin ahal izateko. Hemen, aldiz, ez dut horrenbeste jende ezagutzen, ez dut zirkulu sozial hori, apurka hori aldatzen doan arren.
Asko zabaldu da zergak ez ordaintzeko Andorrara doazen eduki sortzaile edo enpresariaren iruditegia. Zer motako profileko jendea bizi da bertan?
Dagoen irudia oso distortsionatua da. Andorra bada herrialde turismoaz bizi dena eta irudi on bat behar duena horri begira. Ez du industria edo ekoizpenik, bai ala bai behar du jendea oporretan joatea. Uste dut oso garrantzitsua dela hori kontuan izatea herrialdea kudeatzeko modua ikusterako orduan.
"Dagoen irudia oso distortsionatua da. Andorra bada herrialde turismoaz bizi dena eta irudi on bat behar duena horri begira"
Immigrante asko daude. Nire lagun asko dira Andorrakoak, baina euren gurasoak ez dira jatorriz bertakoak. Hori oso ohikoa da. Nire familian, adibidez, nire iloba da jaiotzez Andorrakoa den lehena, baina ni eta nire neba ez eta nire gurasoak ezta. Jende asko joan zen bertara lanera, garapen handia egon zelako eraikuntzaren sektorean, adibidez. Espainiar asko daude, portugaldar asko, frantsesak ere bai, marokoarrak… nazionalitate ezberdinekin egiten dugu topo. Neguko denboraldian, aldiz, argentinar edo txiletar asko daude, eski pistetan lan egiten duen jendea delako. Bada urte osoan zehar neguan bizi den jendea, nik ulertzen ez dudan arren (barreak).
Oso aldakorra da urteko sasoi batetik bestera dagoen giroa?
Eski pistetatik gertu dauden herrietan bai, baina negu garaian batez ere. Jende asko dator neguko denboraldia egitera eta gero bere herrialdera itzultzen da berriz.
Zure herria ere halakoa da?
Ez, nire herria erdialderago kokatua dago, eta mugimendu horiek ez dira horrenbeste nabaritzen. Gure eraikineko bizilagun guztiok ezagutzen dugu elkar, betidanik bertan egon den jendea delako.
Eta Portugalera itzuli zara?
Urtero noa nire amonaren urtebetetzera, baina ez naiz bertan bizitzera itzali.
Hizkuntza ugari jakingo dituzu…
Bai, bost: Portugesa, gaztelera, katalana, frantsesa eta ingelesa… eta orain euskara, apurka apurka (barreak).
Argazkilaritza ikastera etorri zinen Euskal Herrira, eta proiektu propioa garatu duzu.
Nerabezarotik dut gogoko argazkiak egitea. Ni nintzen beti argazkiak egiten tematzen zen lagun astuna. Beti izan dut gustuko, baina inoiz ez nuen buruan izan ogibide bilakatzea. Batxilergo artistikoa egin nuen eta bertako ikus-entzunezko ikasgaian bideoak egiten hasi nintzen. Orduan pentsatu nuen lehen aldiz agian egon zitekeela aterabide profesional bat. Argazkilaritza ikastaro bat egin nuen, eta garai hartan banuen kamara txiki bat. Horrek guztiak pentsarazi ninduen agian aukerak izan ahal nituela horretaz bizitzeko.
Ikus-entzunezko komunikazio gradua egin nuen, baina ez nintzen argazkilaritzan espezializatu. Egiten nituen argazkiak, baina harago joan nahi nuen. Horregatik bilatu nuen ikastaroa Bilbon. CFC eskolan egin nuen, jada itxita dagoena. Bertan ezagutu nuen Oihana, nire enpresa-kidea ere badena. Biok nahi genuen honetaz bizitzen saiatu. Taldea egin genuen, elkar-lagunduz… eta alokairua ordaindu gabe bizi ahal izateak ere lagundu zuen (barreak). Beti diot gauza bera: alokairua ordaindu behar izango banu prozesua motelagoa izango litzateke edo tabernari moduan edo beste edozertan lan egiten jarraituko nuke, argazkilaritzarekin uztartuz.
Zaila da proiektu profesionala aurrera eramatea?
Ez naiz kexatzen. Beti iritsi zaizkit proiektuak eta pribilegio hori izan dut. Egia da momentuz ezin naizela %100ean honetaz bizi. Lehen esan dizudana: saiatu naiteke ez dudalako alokairurik ordaindu behar.
Zailena suertatzen zaidana bada sarerik ez izatea. Asko hurbildu behar naiz jendearengana nire zerbitzuak saltzeko, lan komertzial asko egin behar dut. Andorran, aldiz, lagun asko ditut beste esparru batzuetan lan egiten dutenak eta nire zerbitzuak kontratatu ahal dituztenak. Hemen ez dut halako sarerik, eta konplexua da.
Horrez gain, ikus-entzunezkoen gaur egungo mundua ere konplexua da. Profesional asko daude, eta mugikorraren erabilerak balio asko kendu dio egiten den lanari. Lehen gurasoekin argazkilariarengana joaten ginen familia-argazki bat egitera, gaur egun ez da halakorik egiten.
"Sei urte daramatzat nire amonari argazkiak egiten, bere urtebetetzean bisitan noanean. Beti diot badela nire oroitzapenen albuma, bera egongo ez den unerako"
Horren aurrean, nola gehitu ahal zaio balio-erantsia egiten duzun lanari?
Alde batetik, argazkilariaren begirada dago. Denok dugu ikusteko modu ezberdin bat, eta horrek balioa ematen du. Niri eskatu izan didate beste batzuk eginiko argazkiak konpontzea. Badaude mugikorrarekin eginiko argazkilaritza proiektuak, baina gaur egun edonor agertzen da argazkiak egiteko prest, eta hor ere kalitatea galtzen da. Gizarte honetan asko kontsumitzen da begietatik. Jatetxe batera noanean argazkietan ikusten dut janaria, adibidez. Negozio eta zerbitzuei dagokionez, ikus-entzunezkoen laguntza baduzu, erakargarriagoa bilakatzen da proiektua.
Proiektu profesionalaz harago, baduzu proiektu pertsonalik?
Baditut, bai. Adibidez, sei urte daramatzat nire amonari argazkiak egiten, bere urtebetetzean bisitan noanean. Beti diot badela nire oroitzapenen albuma, bera egongo ez den unerako. Horrez gain, asko gogoko dut landa-eremua. Oso interesgarria iruditzen zait atzean dagoen tradizioa, baina baita jende gazteak dakarren berrikuntza ere. Horregatik, badut baita horri lotutako proiektu bat.