UXUE PALACIOS

Zortzigarren postua lortu du Uxue Palaciosek junior mailako freeride munduko txapelketan

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 11

Austriako Kalpp herrian jokatu dute munduko txapelketa. / Uxue Palacios

Freeride Junior World Champiomnship txapelketan parte hartu du Uxue Palaciosek, Austriako Kalpp herrian. Zortzigarren postuarekin itzuli da etxera, txapelketan egondako maila altuaz harro eta freeride eskian onenen artean egoteko ametsari jarraika.

“Nire lekua egin nahi dut freeride egiten duten munduko onenen artean”. Uxue Palacios laudioarraren hitzak dira hauek. Ez dabil bide okerretik; junior mailako munduko txapelketan lehiatu da berriki, eta zortzigarren postua erdietsi du bertan.

Goi-mailako kirolean, ordea, bide luzea egin du honezkero Palaciosek. Aurreko denboraldian, Espainiako zein Europako freeride txapelketan lortutako emaitza onek eman diote laudioar gazteari Munduko Txapelketan lehiatzeko txartela.

Zirkuitu irekian bost txapelketa lehiatu zituen Palaciosek 2025ean, eta horietako bi irabazi zituen: Cerlerren (Aragoi) eta Narviken (Norbegia). Gainerako txapelketei dagokionez bigarren postua erdietsi zuen Baqueiran (Katalunia), eta laugarren postua bana Saint Laryn (Frantzia) eta Andorran.

Munduko txapelketa Austrian

Urte erdian baino gehiagoan izan du Palaciosek 2026ko urtarrila gorriz markatuta etxeko egutegian. Freeride Junior World Champiomnship urtarrilaren 19an jokatu zuten Austriako Kappl herrian. Palaciosek eta bere taldeak astebeteko egonaldia egin zuten bertan. “Asko gozatu dugu, egunero zerbait desberdina egin dugu eta konpainia oso ona izan da”, azaldu dio Palaciosek Aiaraldea Komunikabideari. 

Egitekoen artean txapelketa egunean eskien gainean egin beharreko jaitsiera prestatzen eman dute denbora: entrenamendu saioak, inguruko malden azterketa…

Maila altua

Emakumezkoen kategorian egondako “maila altua” goraipatu du Palaciosek gehien: “Beti egon da alde handia mutilen eta nesken artean. Baina aurten alde hori nabarmen murriztu da. Ikaragarria izan da nesken maila. Horrek asko pozten nau, neskok gure tokia aldarrikatzen ari gara kirol honetan”.

Palaciosek zortzigarren postua lortu du bere lehenengo munduko txapelketan. Emaitza ona den arren postu hobea lor zezakeela uste du eskiatzaile laudioarrak: Pozik nago emaitzarekin, baina badakit hobeto egin nezakeela. Oso urduri nengoen eta birritan galdu nintzen jaitsieran. Presioa izugarria zen eta elurraren baldintzak ez ziren onenak. Ez dut honekin nire burua justifikatu nahi, badakit askoz hobeto egin nezakeela”.

Etorkizunera begira

Aurten Freeride World Tourreko Qualifer-en sailkatzea du helburu Palaciosek. Ez dio, ordea bere buruari aparteko presiorik jarri nahi, “lasai eta ondo” lortu nahi du postu on bat sailkapen orokorrean. “Patxada handiarekin hartuko dut denboraldia, egiten dudanarekin disfrutatu nahi dut”, nabarmendu dio Aiaraldea Komunikabideari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide