Urteroko eskema jarraituta ospatu zuten Kanporamartxo Laudion. Dozenaka lagun bildu ziren Herriko plazan goizeko hamaiketan, trikiti doinuen erritmora San Joan Astobitzako baselizaraino igotzeko.
Eraikin horren atzeko zelaira joan ziren lehenbizi, bertan baitago landatuta 2019tik Guzuraretx zuhaitza, Gernikako arbolaren kimua. Zenbat hazi den ikusi zuten lehenbizi, enborraren lodiera neurtuta, eta bi abesti kantatu zituzten jarraian Arloteen laguntzarekin, Gernikako Arbola eta El Roble y el ombú.
Ekitaldi xume horren ostean, baselizaren arkupeetara mugitu ziren herritarrak, ohiko txitxiburruntziaz gozatzeko.
Argazkiak: Ainhoa Garayo Segurola