Iragan larunbatean Oionen abiatutako Arabako Bertsolari Txapelketaren lehenengo faseak Laudion izango du jarraipena asteburu honetan. Izan ere, igandean, arratsaldeko 17:30ean, Laudioko Kasinoan jokatuko dute bigarren saioa.
Sei bertsolari hauek arituko dira jokoan: Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Ekaitz Samaniego, Hegoi Amabizka, Manu Bendala eta Peru Abarrategi. Irati Martinez Izagak egingo ditu gai-emaile lanak.
Bertsosarrerak web orrialdean eskuratu daitezke sarrerak.
Aroa Arrizubieta garaile Oionen
Hilaren 7an izan zen txapelketaren lehenengo fasearen estreinako saioa, Oionen. Hamairuna bertso puntuagarri kantatu zituzten parte hartu zuten sei bertsolariek eta Aroa Arrizubieta gasteiztarrak lortu zituen puntu gehien: 269.
Martin Abarrategik eta Iñaki Viñasprek jarraitu zioten, 256 eta 249 punturekin, hurrenez hurren. Lehen faseko hiru saioen puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalaurrekoak.