Herritar bat atxilotu dute asteazken arratsaldean Laudion, lesio-delitu bat egotzita. Ertzaintzaren prentsa bulegoak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, 36 eta 28 urteko bi gizonen arteko liskar batean gertatu da erasoa.
Pisukideak dira biak eta Jose Matia kalean partekatzen duten etxebizitzan eztabaidatzen ari zirela, batek sukaldeko labana bat hartu eta besteari eraso egiten saiatu da. Etxebizitzako gela batean babestu da biktima ustezko erasotzailearen bikoteak esku hartu duenean. Erasotzaileak, ordea, gelako atea hautsi du eta borrokan jarraitu dute. Balkoitik salto egin du orduan biktimak, arma zuriarekin erasotua izatea saihesteko.
Ertzaintzaren lau patruila eta anbulantzia bertaratu dira, erasotzaileak arreta-medikoa behar izan baitu, atzamarrean egindako zauri baten ondorioz.
36 urteko erasotzailea eraman dute atxilo eta epailearen esku jarri dute polizia-eginbideak amaitutakoan. 28 urteko beste gizona osasun zentroan artatu dute.