Pilota Garnica konpainiaren teilatuan dago orain. Horrela adierazi dute Maderas de Llodioko langileek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren gaineko balorazioa eskaintzeko egin duten agerraldian. Ostegunero Laudioko Herriko plazan egiten duten elkarretaratzea baliatu dute horretarako. Dozenaka herritarren babesa jaso dute bertan, baita Tubos Reunidoseko langileena ere.
Epaiak kaleratzeak baliogabetu ez dituen arren, "positibotzat" jo dute ebazpena. "Uste dugu auzitegiak aurkeztutako dokumentazio guztia zehatz-mehatz aztertu duela, alderdi sindikalak aurkeztutako argudioak sakonki ikertu dituela eta ez dela Lan Ikuskaritzaren txostenaren eraginpean egin". Izan ere, aipatutako txostenean jasotako hainbat alderdiren kontra egiten du epaiak berak.
"Epai argia" dela azpimarratu dute beharginek, honek argi zehazten baitu "kaleratze kolektiboa ez dagoela justifikatuta". Enpresak alegatutako antolakuntza eta produkzio arrazoiak ez direla gertatzen ondorioztatu du Auzitegiak. "Horrek gatazkaren hasieratik defendatu dugun jarrera indartzen du", nabarmendu dute beharginek.
Juztiziak kaleratzeak bidegabetzat jo eta gero, egur konpainiak langileen berronartzerako legezko aukera dauka, eta hori egitea eskatu diote beharginek.
Langileak berronartzeko exijentzia
Epaia eskutan, Garnica konpainiari exijentzia zuzena egin diote Maderas de Llodioko langileek gaurko agerraldian: kaleratutako langile guztiak berronartzea. Justiziak kaleratzeak bidegabetzat jo eta gero, egur konpainiak langileen berronartzerako legezko aukera dauka, eta hori baliatzea eskatu dute beharginek.
"Gaur inoiz baino gehiago, enpresaren esku dago gatazka honi behin betiko konponbidea ematea, are gehiago kaleratzeak justifikatzeko alegatutako arrazoiak egiaztatu gabe daudela zehazten duen epaia dagoenean. Ez dago hartutako erabakia objektiboki babesten duen justifikaziorik", aldarrikatu dute.
"Arduraz jokatzeko eta erabakia zuzentzeko" eskaria luzatu diote Maderas de Llodioko grebalariek. Era berean, langileen ordezkariekin negoziatzera esertzeko eskaria ere egin diote zuzendaritzari, "enplegua eta etorkizun industriala bermatuko dituen konponbidea adosteko".
Bilera erakundeekin
Lan Ikuskaritzarekin eta erakunde publikoekin bilerak eskatu dituztela ere iragarri dute Maderas de Llodioko langileek. Horien artean, Sarai Zarate Ekonomia eta Garapen Foru Diputatuarekin batzartzea eskatu dute ere, "bitartekaritza erreal" bat abiatzeko asmoz. "Industria-enpleguaren eta lanpostuen defentsa lehentasun instituzionala izan behar da", nabarmendu dute.