ERREPORTAJEA

Gurdigilea 1955-2025: Jatetxetik Gaztetxera

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 21a

Suberri Gazte Asanbladako kideetako batzuk, Gaztetxeko eskaileretan. / Aiaraldea.eus

Urte luzez herritarren topagune izan zen Gurdigilea jatetxea. Hamahiru urtez hutsik egon eta gero, Suberri Gazte Asanbladako kideek eraikina okupatu eta Gurdi Gaztetxea sortu dute bertan. Jatetxe ezaguneko ateak parez pare zabaldu dituzte berriro, beste proiektu askoren abiapuntu izateko konbikzioarekin.

“Txinpartak su hartu du!”. Horrela iragarri zuten Suberri Gazte Asanbladako kideek Gurdi Gaztetxearen sorrera; Laudioko Larrazabal auzoko Gurdigilea jatetxea zenaren eraikina okupatu eta gune autogestionatu berri baten ateak zabaldu berritan. Hori da Gurdi Gaztetxea, gar bizi-bizi bat.

Urtarrilaren 5az geroztik, "Laudion gazte antolakuntzarako izandako hutsuneei aurre egiteko helburua" du gaztetxe berriak. Eta horretan ari dira gaztetxeko asanbladaren inguruan antolatzen diren hamarnaka lagunak. Hilabeteko ibilbidea egin du Gurdi Gaztetxeak orain arte soilik, baina aurrera egiteko “ilusioa eta gogoa” ez zaiela falta aitortu dute gazteek.

Lehenengo txinpartak

Sua piztu aurretik, ordea, txinpartak piztea beharrezkoa da. Eta horretan aritu da Suberri Gazte Asanblada azken urte t’erdian. 2024ko urtarrilean Orbekon antolatutako Jardunaldi Politikoen testuinguruan sortu zen gazte asanblada berriaren ernamuina. “Antolatzeko espazio baten beharrak elkartu gintuen hainbat gazte”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari Suberriko kideek.

Kezka konpartitu horren bueltan hasi ziren gazteak batzen eta elkar ezagutzen. Jardun politikoak forma hartu ahala, asanblada izaera eman zioten taldeari Santa Marinan egindako kanpaldian jarri zuten mugarri hori. 

Hilabete biziak izan dira honakoak Gazte Asanbladako kideentzat. Izan ere, espazio bat eskuratzearen iparra albo batera utzi gabe, bestelako ekintzekin bete dituzte herriko kaleak: herri azoka, kale kontzertuak, mural margoketak…

“Ikusi genuen espazio horrek ez zituela gure beharrak asetuko. Denborak ere ez zetozen bat gure aurreikuspenekin. Asko atzeratzen ari da Kultura Etxea martxan jartzeko prozesua”

Lamuza Parkeko Kultura Etxearen birgaitzeak herriko elkarteen espazio beharrak eta hauek asetzeko aukerak jarri zituen mahaigainean. Suberriko kideek aktiboki parte hartu dute Laudioko Udalak eta Kultura Kontseiluak sustatutako hausnarketa prozesu eta lan-saioetan. Kultur Etxeko obren testuinguruan hustarazi zuen Udalak Laudioko Gaztetxea. Behin lanak bukatuta, kapera zaharberritua berriz erabiltzen hasteko proposamena izan dute aztergai herriko gazte eragile desberdinek.

Bertan landutakoak, ordea, ez ditu gazteen espektatibak asetu: “Ikusi genuen espazio horrek ez zituela gure beharrak asetuko. Denborak ere ez zetozen bat gure aurreikuspenekin. Asko atzeratzen ari da Kultura Etxea martxan jartzeko prozesua”. Gauzak horrela, eta Kultura Kontseiluan parte hartzeari uko egin gabe, “plan zaharrak” berreskuratzeari ekin zioten Suberriko kideek.

Gaztetxearen okupazioa

Inflexio puntua 2025eko urrian kokatu dute gazte asanbladako kideek. Orduan hasi ziren determinazio osoz Gurdigilea jatetxearen eraikina izandakoa gaztetxe gisa berreskuratzeko lanetan. “Okupazio bulegora jo genuen hainbatetan, ahalik eta berme gehien izateko”, azaldu dute gazteek.
Eraikinak 13 urte zeramatzan abandonaturik eta, urtarrilaren 5eko irekieraren aurretik, Eguberriak baliatu zituzten auzolanetan espazioa atontzeko: “auzolanen ostean itxura oso desberdina hartu zuen espazioak”. Gazteek Orbeko Etxeko kideek “hasieratik erakutsitako babesa eta laguntzeko prestutasuna” ere eskertu nahi izan dute.

“Auzoarekin bizikidetza nahi dugu sortu, eta orain arte izan duten lasaitasuna zaindu”

Larrazabal auzoan ere zerbait mugiarazi zuen gazte taldearen presentziak. Lehendabiziko auzolana egin zuten unetik bertaratu ziren bizilagunak ingurura, abandonatutako eraikinean kozinatzen ari zenaren berri izateko: “Espazioak badu auzoarentzako balio sinboliko oso handia. Itxierak hutsunea eragin zuen auzoan, eta orain berriro zabalik ikusteak poztasuna sortu du. Ikaragarria da zenbat herritar bertaratu diren guri laguntza eskaintzeko”.

Auzokideen zaintza jarri dute proiektuaren erdigunean. Okupazioaren berri emateko kartelak itsasi zituzten inguruko atarietan, eta bizilagun guztiek zabalik izan dute jatetxe zaharreko atea. “Auzoarekin bizikidetza nahi dugu sortu, eta orain arte izan duten lasaitasuna zaindu”, azpimarratu dute gazteek.

Gastaka familiaren baserria

Larrazabal auzoan soilik ez, herrian ere mugitu ditu barrenak Gurdi Gaztetxearen irekierak. Gutxi dira Gurdigilea jatetxea inoiz bisitatu ez duten laudioarrak. 

Enrique Gastakak eta Pakita Barbarak eraiki zuten baserria 1955ean, eta 1970eko hamarkadan ireki zuten Gurdigilea jatetxea

Enrique Gastakak eta Pakita Barbarak eraiki zuten baserria 1955ean, familiarentzako bizitoki gisa. Unai Gastakak jatetxe ezagunaren hastapen garaietako pasarteak aletu ditu. Gurdigilea zabaldu aurretik, Gastakaren aiton-amonek, denda txiki bat eta taberna bat ireki zituzten Larrazabal auzoan, 1960. hamarkada hasieran. Negozioa azkar geratu zen txiki, eta 1970eko hamarkada hasieran “merendero” bat zabaldu zuten, baserriaren aurrean zuten lursailean. Hura ere txiki geratu zitzaien, eta laster atondu zuten jatetxea baserri barruan. Espazioa handituz joan ziren, harik eta 1974an eraikin gehigarri bat altxatu zuten arte. Orduan hasi zen jatetxea gaur egunera arte iritsi den sona lantzen. Egunean ehun menu baino gehiago ematera iritsi ziren garai hartan. Gurdigilea izena Enrique Gastakaren omenez jarri zioten. Izan ere, gurdiekin lan egitea zen bere ogibidea.

Laudioko elkarte askoren aterpe izan zen Gurdigilea garai hartan. 1977 eta 1978. urteetan, esaterako, gau eskoletako euskara ikasle eta irakasleak jatetxean elkartzen ziren. Behin eskolak amaituta, euskal kantak abesten aritzen ziren ordu txikiak arte, kitarra baten laguntzaz. Horrela oroitu du Jon Pagoagak, garaiko gau eskoletako irakasleak: “Behin baino gehiagotan jatetxeko giltzak utzi zizkiguten, asko luzatzen ginen eta”.

Andoni eta Birgiren jatetxea

Gastaka familiak 1984an alde egin zuen Gurdigilea jatetxetik, negozioa Andoni Herrera eta Birgi Anguloren eskuetan utzita. Alokairuan ekin zioten negozioari eta 1987an erosi zuten bai jatetxearen eraikina baita etxebizitza ere. “Eguneko menuak eskaintzeari ekin zioten, eta gutxinaka gutxinaka joan ziren eskaintza handitzen”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Andrea Herrerak, Andoni eta Birgiren alabak.

Gurdigilean igaro zuen haurtzaroa Herrerak, Solvik ahizpa nagusiarekin batera. “Nire haurtzaroaren parte izan da toki hau. Haur pila batekin elkartzen nintzen hemen jolasean. Ez nintzen inoiz herrira jaisten”, oroitu du Andrea Herrerak. Gurasoen negozioaren hazkundearen lekuko izan zen Herrera ere. Geroz eta jende gehiagori ematen zizkioten otorduak Gurdigilen “Asteburuetarako sagardotegia  atondu zuten. Terraza asko erabiltzen zen udan. Oilasko erretegi bat ere jarri zuten, baina gutxi iraun zuen horrek”. Harro mintzo da Herrera gurasoen kudeaketaz: “Oso ondo jaten zen, etxeko janaria zen”. Egunean ehunka menu eskaintzera iritsi ziren, eta astebururo jendez lepo egoten zen terraza.

Laudion erreferentziazko topagune bilakatu zen Gurdigilea. 1990eko hamarkadan San Blas Azoka prestatzeko lehen bilerak jatetxean bertan egiten zirela azaldu du Jesus Corredor azokako antolatzaileak; “izan ere, azoka sustatu zuten pertsona gehienak auzokoak ziren”. Artzainen urteroko “Ardiaren Bazkaria” bertan egiten zen hasiera batean, eta Kilkerrak kuadrillak ere jatetxean egiten zituen bilerak jaietako Baserritarren Eguna antolatzeko.
Andonik eta Birgik 2005ean utzi zuten negozioa, Birgi gaixotu zenean. “Ama gaixotu zenean ezinezkoa egin zitzaion aitari negoziarekin aurrera jarraitzea, eta saldu egin genuen”.  Jose Cerrok hartu zuen orduan jatetxearen kudeaketa: “Familiaren laguna izan naiz betidanik. Jakin izan genuenean jatetxea saldu nahi zutela nire anaiarekin eta beste lagun batzuekin batera erosi genuen”.

Kudeatzaile berriek, ordea, 2008ko krisiarekin egin zuten topo. “Oso garai gogorrak izan zirela” oroitu du Cerrok. Aurrera egin ahal izateko negozioa saldu zuten berriro, baina erosle berriak jatetxea “oso gaizki” kudeatu zuen, Cerroren hitzetan: “Oraindik ere zorrak ditu gurekin eta orduko beharginekin”.

Eraikinak Blackstone inbertsio-funtsak eta Santander bankuak elkarrekin sortutako Aliseda higiezinen agentziaren eskuetan amaitu zuen 2018an

Funts putreen esku

Eraikinak Blackstone inbertsio-funtsak eta Santander bankuak elkarrekin sortutako Aliseda higiezinen agentziaren eskuetan amaitu zuen 2018an, beste milaka eta milaka jabetzen artean galduta.

Blackestone funtsa mundu mailan da ezaguna higiezinen merkatuan izandako jarrera oldarkorragatik, eta eragile ugarik "funts-putre" izendatu dute horregatik. "Urrats honen bitartez funts putre baten eskuetan zegoen eraikin abandonatu bat herriarentzako berreskuratu da", aldarrikatu zuten Suberriko kideek okupazioaren berri emateko zabaldutako bideoan. Hain zuzen "herrian nagusitzen ari den espekulazio merkatua" salatzeko ere baliatu zuten ekintza, "Laudio salgai ez dagoela" aldarrikatuz.

Jatetxetik Gaztetxera

Gurdi Gaztetxearen irekierak aukera eskaini dio Andrea Herrerari haurtzaroko bizitokiko ateak berriz ere parez pare zabalik ikusteko. Urte luzez hormatuta ikusi behar izan ditu Gurdigilea jatetxeko leihoak eta ateak, eta horrek familiari “min eta tristura handia” eragiten ziola aitortu du. “Hunkitu egin nintzen albistea entzun nuenean. Berriro ere hona bertaratzeko aukera izatea izugarria da. Gure gurasoak asko poztuko lirateke, ziur”. Jose Cerrok ere “oso pozik” hartu du Gaztetxe berriaren irekiera, eta uste du “gazteek lehenago ere okupatu behar zutela espazioa”. Bide beretik mintzatu da Unai Gastaka: “oso polita da familiaren etxea zabalik eta bizirik ikustea”.

“Gurdi Gaztetxea beste proiektu askoren hasiera izan daiteke”

Suberri Gazte Asanbladako kideei dagokie orain lekukoa hartu eta Gurdigilea jatetxea zena bide berrietatik eramatea. Harrera positiboa izan dela ezin ukatu. Gaztez lepo egon dira Gaztetxean burututako lehenengo ekintzak eta asko dira asanbladatera batu direnak ere. “Gaztetxeak arnasgune bat izan behar du, espazio seguru bat. Garaiek indibidualismora garamate, inoiz baino beharrezkoagoa dugu kolektiboan berriro ere pentsatzea”. 

Arnasgune horretatik nahi diote Suberriko kideek munduari begiratu. Ez dira garai goxoak gazte antolakuntzarako, gehiago dira ixten eta desalojatzen ari diren gaztetxeak zabaltzen ari direnak baino. “Jaiotza bat heriotza askoren artean”, horrela definitu zuten Gurdiren irekiera. Baina konbentzituta daude “beste proiektu askoren hazia izan daitekeela hau”. Garai ilunetan ere badira hurbiltzen zaien oro pizteko gaitasuna duten su biziak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide