EAJk kritikatu du Aldai plazako aparkalekuko sarreran jarritako kartelek segurtasunik gabeko tokia bilakatu dutela

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 21a

Aparkalekuko sarbideetako bat. / EAJ

Jeltzaleek salatu dute tarifa berriak iragartzen dituzten kartelek ikusgarritasuna murrizten dutela eta segurtasunik gabeko puntua sortu dutela. Udal gobernu taldeak adierazi du harremanetan jarri dela aparkalekuko arduradunekin egoera zuzendu dezaten.

Laudioko EAJk oharra zabaldu du salatzeko Aldai plazako aparkalekuko oinezkoen sarbideak ez duela betetzen segurtasun irizpidea. Jeltzaleek aipatu dute iaz azaldu zutela lehen aldiz eta ez zela aintzat hartu euren ekarpena, baina azkenean Tokiko Gobernu Batzordean onartu dela arazo bat dagoela.

Berez, Gobernantza Feministaren arloak berretsi du publizitate-panelak jartzeak nabarmen murriztu duela esparruaren bi sarreretako ikusgarritasuna, eta gune ez-segurua sortu duela inguruan dabiltzanentzat. Genero-ikuspegitik, azpimarratu du ikusgarritasuna —"ikustea eta ikusiak izatea"— funtsezko elementua dela, eta, kasu honetan, benetako segurtasuna zein hautemandakoa kolokan daudela.

Gauzak horrela, Maite Cortazar zinegotziak exijitu du, jakinda arazoa dagoela, ahalik eta lasterren esku-hartzea Laudioko Udalak egoera konpontzeko.

Oposizioko ordezkariak berdintasuna jarri du bere kritiken erdigunean: "Laudio bezalako udalerri batean, berdintasunarekin eta politika feministekin bereziki sentsibilizatuta, ezin dugu onartu benetako segurtasuna eta hautemandakoa zalantzan jartzen dituen espazio publikorik egotea. Jaso ditugun kexa asko aparkalekua erabiltzen duten emakumeenak dira, bereziki arratsaldean eta gauean. Segurtasuna ezin da adierazpen instituzionaletan geratu; erabaki zehatzak hartu behar dira".

Udal gobernu taldearen erantzuna

Aiaraldea Komunikabideak Laudioko udal gobernu taldeari galdetu dio arazoari buruz eta bere erantzuna honako hau izan da: "Guretzat premiazkoa da irtenbide bat ematea eta herritar guztien segurtasuna bermatzea. Harremanetan gaude parkingaren arduradunekin, eta instalatutako publizitate-paneletan aldaketak edo moldaketak egiteko konpromisoa hartu dute. Bestalde, Laudio Udalak bere konpromisoa berresten du berdintasun politika publikoekiko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide