Laudioko ludotekako familia erabiltzaileek zerbitzuan moldaketak egitea eskatuko dute gaurko osoko bilkuran. Hain zuzen ere, adinaren araberako irizpideak aldatzea eta ordutegian malgutasunez jokatzea proposatuko dute.
Abenduan ireki zituzten ludotekaren ateak, Lamuza eskolako areto nagusian. Bi txandatan banatuta dago gaur egun bertako zerbitzua: 0 eta 3 urte artean dituzten haurrek 17:00-18:30 bitarteko ordutegian egon behar dute bertan eta 4-12 bitarteko haurrek 18:30etatik 20:00ak arte erabili dezakete espazioa.
Azaldu dutenez, kexak plazaratu dituzte dagoeneko baina “ez dira entzunak izan” eta kultur arloko arduradunarekin ere harremanetan jartzen saiatu dira baina ez dute bere erantzunik jaso.
Bi eskakizun nagusi
Bi dira familia erabiltzaileek egingo dituzten eskakizun nagusiak. Alde batetik, adin tarteak moldatu nahi dituzte eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailen arabera banatu; hau da, 0-5 eta 6-12 adin tarteetan. “Bigarren txanda beranduegi da 4-5 urteko umeentzako, 20:00tarako asko afaltzen edo lotan baitaude dagoeneko”, azaldu dio gurasoen ordezkarietako batek Aiaraldea Komunikabideari.
Bestalde, ordutegia malgua izatea ere aldarrikatuko dute: “17:00etan sartzen garenok 18:30ean ez ateraraztea eskatu nahi dugu. Izan ere, bigarren txandan ez da inor joaten ari eta hutsik geratzen da”.
Azaldu dutenez, kexak plazaratu dituzte dagoeneko baina “ez dira entzunak izan” eta kultur arloko arduradunarekin ere harremanetan jartzen saiatu dira baina ez dute bere erantzunik jaso. Horregatik, haien eskakizunak gaur arratsaldeko osoko bilkuran helaraziko dizkiote udalbatzari.
Aiaraldea Komunikabideak udal gobernu taldeari galdetu dio gai honen inguruan eta osoko bilkuran bertan erantzungo duela adierazi du.