"Domina bat jarri eta Mexiko narkoen arteko borroken mende utzi du Trumpek"

Maider Ramirez Martin 2026ko otsailaren 27a

Jaliscon egon da Alejandra Villa El Menchoren hilketak eragindako istiluak iraun bitartean.

Mexikoko Monterrey hirian ari da Alejandra Villa Sanchez laudioarra egonaldia egiten, Global Training beka bati esker. Jalisco estatuan zegoela hil zuten armadako indar bereziek Nemesio Ruben Oseguera El Mencho, Jalisco Nueva Generacion karteleko burua. Gertakaria testuinguratu eta egun hauetan bizitakoa kontatu digu.

Azken egunetan Mexiko nazioarteko komunikabideen jopuntuan egon da Nemesio Ruben Oseguera El Mencho narkoa hil dutelako eta istiluak egon direlako horren ondorioz. Azaldu ahal diguzu zer den gertatu dena?

El Mencho Jalisco Nueva Generacion karteleko (CJNG) liderra zen, hain zuzen, Mexikoko kartelik boteretsuena eta munduko erakunderik arriskutsuenetako bat. Ezaguna zen modu esponentzialean hazi zelako beste kartel batzuk indarkeriaz desagerrarazteari esker eta CJNG baino zaharragoak eta indartsuagoak zirenak —adibidez, Sinaloako kartela— baino botere handiagoa lortu zuelako. Mexiko osoan eta munduko beste herrialde batzuetan jarduten zuen.

El Menchoren heriotza oso kolpe gogorra izan da narkotrafikoarentzat, jardueraren zati handi bat ezegonkortu baitu Mexikon. Gainera, ikustear dago kartela berrantolatzeak ekarriko duena: "Hutsune" libre hori geratu bada, CJNGko kideak edo beste kartel batzuetako buruak postu horren alde borrokatuko direla esan nahi du, eta erakunde horietan horrek indarkeria eta heriotzak dakartza... Azkenean, Mexikoko herritar xumeek ordainduko dute.

Zu Jaliscon zeunden momentu horretan, El Mencho hil zuten lekutik oso gertu. Nola nabaritu zen bertan?

Asteburu pasa geunden Tequilan, Jaliscoko estatuan, Guadalajaratik ordu eta erdira eta operatiboa izan zen lekutik ordubetera. Gu larunbatean heldu ginen hara, tekilategi batzuk bisitatu eta parranda egin genuen bertan. Igandean Chapalara joateko asmoa genuen, lakua ikusi eta arratsaldez Monterreyra itzultzeko.

Izutu ginen gurekin zihoan gidak mugikorra begiratu eta aurpegia zurbil zuela esan zuenean: “A la verga, han matado al Mencho”.

Goizeko 7:00etan abiatuko ginen Chapala aldera, baina irteera ordua atzeratu genuen, eta eskerrak, bestela operatiboa izan zen herritik igaroko ginatekeen gertatzen ari zen bitartean. 
Gida batekin geunden eta goizetik konturatu ginen zertxobait urduri zegoela, baina ez genekien zergatik. Goizeko hamarrak aldera ezan zigun narkoak istiluak sortzen ari zirela Guadalajara inguruan baina momentuan ez ginen larritu, geroago joango ginela pentsatu genuen eta kito.

Handik eta tarte batera izutu ginen, ordea, gidak mugikorra begiratu eta aurpegia zurbil zuela esan zuenean: “A la verga, han matado al Mencho”.

Geunden tabernatik alde egin behar genuela esan zigun, eta orduan ikusi genuen herriko jendea erdi korrika ari zela bakoitza bere etxera joaten eta saltokiak pertsiana jaisten ari zirela. Imajinatzen dut haiek bazekitela zer gerta zitekeen.

Ezin izan zenuten egunean bertan Monterreyra itzuli, nahiz eta hori zen hasieran zuen plana. Zein zen egoera aireportu eta errepideetan?

Puerto Vallartan eta Guadalajaran supermerkatuak eta ibilgailuak erretzen ari ziren eta tiroketak ere ari ziren gertatzen

Hori da. Guadalajaratik Monterreyra itzultzeko asmoa genuen arratsaldean, baina hotelera itzuli ginenean gure gidak esan zigun egoera konplikatua zela eta seguruena bertan beste gau batez geratzea zela.

Gu ez ginen kontziente arazoaren tamainaz albisteak heltzen hasi ziren arte: nagusiki Puerto Vallartan eta Guadalajaran supermerkatuak eta ibilgailuak erretzen ari ziren eta tiroketak ere ari ziren gertatzen. Nahiko azkar zabaldu ziren istiluak Mexiko osoan zehar.

Alerta nazionala egon da deituta, narkoek mezuak zabaldu zituzten jendeari abisatzen kalera ez ateratzeko arriskutsua izango zelako haientzat... Tentsioa zegoen? Beldurra sentitu zenuten?

Igande eguerdian hasi ziren herritarrei jakinarazten Jalisco eta gertuko beste estatu batzuk alerta gorrian zeudela eta ez genuela etxetik atera behar. Azkar joan ginen alboko denda batera ura eta janaria erostera eta hotelean geratu ginen. Egia esan gustura egon gara bertan, izan ere, hotel txikia izan arren azotean terraza handi bat zuen eta 17 pertsonako talde batean geundenez han igaro genuen denbora gehiena.

Arazoa ez zen errepidean gu geldiaraztea guri eraso egiteko, ez baitziren ari jendea hiltzen, baizik eta ibilgailuetatik aterarazten gero horiek erretzeko 

Dena den, pertsona batzuk nahiko beldurtuta zeuden eta tentsioa nabaritzen zen giroan. Nik uste dut inork ez zuela sentitu norbere segurtasunagatik benetako izurik; gehien kezkatzen gintuena zen ez genekiela noiz atera ahalko ginen Jaliscotik, momentu horretan estaturik arriskutsuena baitzen.

Albisteak heltzen zitzaizkigun esaten errepideak narkoblokeoagatik kolapsatuta zeudela.

Arazoa ez zen errepidean gu geldiaraztea guri eraso egiteko asmoz, berez ez baitziren ari jendea hiltzen, baizik eta jendea ibilgailuetatik aterarazten gero horiek erretzeko eta bideak blokeatzeko. Orduan, dena kolapsatuta egonik errepidean ezer gabe geratzea zen benetako arazoa.

Zer eragin izan du gertakariak bertako biztanleengan?

Lehen esan bezala gobernuen erabaki hauek eta narkoblokeoek eragin zuzena dute herritarrengan. Adibidez, Puerto Vallarta eta Guadalajara gune turistiko oso garrantzitsuak dira (guk 2 bi aste barru bidaia genuen aurreikusita Puerto Vallartara, baina, jakina, bertan behera utzi behar izan dugu). Erretako autoak partikularrenak ziren, eta hiri handiak kolapsatzeak galerak dakartza beti...

Albiste hauek zabaltzean modu sentsazionalistan izaten da eta horrek Mexiko jartzen du jopuntuan, bertako jende guztia arriskutsua izango balitz bezala

Gainera, munduko beste leku batzuetara albiste hauek heltzen direnean modu sentsazionalistan eta alarma pizteko helburuarekin izaten da eta horrek Mexiko jartzen du jopuntuan, bertako jende guztia arriskutsua izango balitz bezala, eta ez da horrela.

Oraintxe bertan esango nuke ia dena normaltasunera itzuli dela, baina jendea lehen esan dudanaren zain dago, kartelaren berregituraketarekin gertatuko denaren zain.

Nola egin duzue Monterreyra itzultzeko?

Astearte goizean ahalik eta lasterren irtetea erabaki genuen, errepidean arazorik ez izateko. Gauez herritik gertu sua ikusi genuen eta pixka bat kezkatzen gintuen erretako ibilgailuren bat errepidetik kendu ez izanak eta auto-ilaretan blokeatuta geratzea, baina ez zen horrela izan.
Aireportura iristean, lehenengo hegaldia bilatu genuen, eta hurrengo egunera arte (asteazkenera arte) itxaron behar izan genuen. Ez genuen aldez aurretik erosi nahi, ez genekielako aireportura garaiz iritsiko ginen, eta prezioak izugarri igo ziren, mundu guztiak Guadalajaratik irten nahi zuelako.

Donald Trumpek aldarrikatu du Estatu Batuen lorpena izan dela El Menchoren erorketa.

Esaten dute operatibo hau Estatu Batuek "narkotrafikoaren aurkako borroka" horrengatik egindako presioen ondorio dela, eta harrotasunez aldarrikatzen du hori Etxe Zuriak. Baina hemengo jendeak hanka sartze baten gisa ulertzen du.

Karteleko liderra hil ondoren, kartela osorik desegiteko eta haren ondorengoak geldiarazteko ahalmen nahikorik ez baduzu, egun hauetan gertatutakoa gertatzen da, baina ez du benetako eraginik narkotrafikoaren aurkako borrokan. Domina bat jarri eta herrialde bat errepresalien eta narkoen arteko borroken mende utzi du Trumpek.

Liderra hil ondoren, kartela osorik desegiteko eta haren ondorengoak geldiarazteko ahalmen nahikorik ez baduzu, ez du benetako eraginik narkotrafikoaren aurkako borrokan

Horretaz gain, Estatu Batuek presioa sartu nahi dute eta botere handiagoa lortu Mexikon. Adibidez, muga-zergen ondorioz herritarrek kalte handiak nabaritu dituzte. Nik, Giza Baliabideen sail batean lan egiten dudanez, ikusten dut badagoela jende asko lan bila dagoela lan egiten zuen enpresak itxi duelako muga-zergen ondorioz. Azkenean, narkotrafikoaren aurkako presioak Estatu Batuen intereseko mugimendu politikoak dira, beren herrialdean bertan kezkatzeko moduko hainbat eta hainbat kontu izango ez balituzte bezala. Uste dut modu bat dela erakusteko zer botere duten Amerikako beste herrialde batzuk presionatzeko.

Beste adibide bat jartzearren, Munduko Futbol Txapelketa ekainetik aurrera jokatuko da Kanadan, AEBn eta Mexikon. Aurretik dagoeneko Estatu Batuek adierazia zuten txapelketa bakarrik haien herrialdean jokatzeko nahia, eta orain “segurtasun eza” aitzakia ezin hobea da Mexiko kanpoan uztea argudiatzeko.

Narkoblokeoaren bitartean, harremanetan egon zarete autoritateekin?

Arazoaren garrantzia ulertu genuenean, EAEk Mexikon duen kontsulatuko ordezkariarekin harremanetan jarri ginen, eta hark Guadalajarako Espainiako enbaxadarekin jarri gintuen harremanetan. Eusko Jaurlaritzako ordezkaria oso arduratuta zegoen guregatik eta une hartan Jaliscon zeuden euskaldun guztiekin WhatsApp talde bat egin zuen informazio ofiziala emateko eta gure etxeetara ahalik eta modu seguruenean itzultzeko moduak aholkatzeko. Espainiako ordezkaria ere gure ama izango balitz bezala kezkatu zen guregatik (barreak), egunero idazten zigun zer moduz geunden galdetzeko eta informazioa emateko. 

Ez da espero eskala honetako istilu gehiagorik, eta dena normaltasunera itzuliko da egun gutxiren buruan

Guk haiekin egon nahi genuen harremanetan albiste faltsuekin ez kutsatzeko, eta haiek esan ziezaguten herrialdean zehar mugitzeko aukerarik objektiboki onena. Horiez gain, kontsultatu izan dugu nazio-mailako gertakarien berri ematen zuen webgune bat, mapa interaktibo bat zuena.

Zein da orain zuen egoera?

Monterreyra heldu gara dagoeneko eta egunak pasa ahala egoerak nola eboluzionatzen duen itxarotea besterik ez da geratzen. Esan digutenez, ez da espero eskala honetako istilu gehiagorik, eta dena normaltasunera itzuliko da egun gutxiren buruan. Gure gidak azaldu zigun okerragoa zatekeela poliziak El Mencho bahitu baina hil ez izana. Kasu horretan, segur aski narkoek istiluak eragiten egongo lirateke aske geratu arte, baina behin hilda dagoela kartela berregituratzeari ekingo diote. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide