Maderas de Llodioko langileen ordezkari sindikalek argi azaldu dute gaur bilera egon arren, ez dela aurrerapausorik gertatu indarrean dagoen lan gatazka amaitzeko.
Berez, 9:30ean elkartu dira Arabako Foru Aldundiko egoitza nagusian beharginen ordezkaritza, Garnicako zuzendaritza, Saray Zarate Garapen Ekonomikoko Diputatua eta Eusko Jaurlaritzako kideak ere.
Batzarrean enpresak borondatea adierazi du egoera bideratzeko, baina sindikatuek azpimarratu dute jarrera hori ez dela konpromisotan islatu: "Berronartzeen inguruan hitz egin dugu, baina Garnicak aipatu du hori gertatzeko borondatezko kaleratzeak egon behar direla".
Edonola ere, negoziazioak ez dira amaitu eta hurrengo astean bilduko dira berriro alde guztiak. Hasierako proposamena da Gasteizen izatea berriro hitzordua, baina sindikatuek Laudioko Udaletxean egin nahi dute.