Egitarau oparo eta zabal batekin aldarrikatuko dute Laudion ate joka dagoen Emakumeen Langileen Nazioarteko Eguna. Martxoaren 6tik 28ra luzatuko den programazioa ondu du Laudioko Udalak, herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean. Ekintza sorta horretan martxoaren 7an Anonimak taldeak 19:00etan Aldai Plazan eskainiko duen kontzertua izango da mugarrietako bat.
Emakume irakasleei omenaldia
Anonimak taldeak eskainiko duena ez da kontzertu soila izango. Hitzordua probestuko dute Laudion aritutako emakume irakasleen lana omentzeko, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituen ekitaldian. Aurten erretiroa hartutako emakume irakasleek hartuko dute oholtza, aurretik aritutako guztien ordezkari gisa.
"Funtsezkoa iruditzen zaigu datozen belaunaldiek jakitea nor egon den orain arte bidea egiten"
Anonimak taldea
Laudioko emakume irakasleek Anonimak taldearen konpainia izango dute eszenatokian. Balmasedako sei emakume musikarik osatutako taldea da Anonimak: Garbiñe García, Goizalde Gomez, Irina Alvarez, Itxaso Gomez, Maria Lazkano eta Maria Rivero. "Emakume erreferenteen kantuen bertsioak sortu eta oholtzaratzen ditugu, haien ahotsa eta mezua gure ikuspegitik berrinterpretatuz. Guretzat funtsezkoa da emakume erreferenteak erdigunean jartzea, etorkizuneko belaunaldiek ere emakumezko eredu sendoak izan ditzaten", azaldu diote taldekideek Aiaraldea Komunikabideari.
Eskainiko duten emanaldia "aldarrikapena, omenaldia eta erreparazio saiakera" izango dela azpimarratu dute Balmasedako sei emakumeek. Aurretik egondako emakume sortzaileei tokia egin eta haien izen abizenak ezagutzera emango dituzte. "Funtsezkoa iruditzen zaigu datozen belaunaldiek jakitea nor egon den orain arte bidea egiten. Anonimak horri egiten diogun ekarpen txiki bat da, gure modura egindako omenaldi xume baina zintzo bat".
Ekintza gehiago
Arestian aipatu bezala martxoaren 6tik 28ra luzatuko da Emakume Langileen Nazioarteko Egunari lotutako egitaraua Laudion. Hain zuzen ere, martxoaren 6an, ohiko adierazpen instituzionalarekin emango diote hasiera programazioari.
Martxoaren 8an (larunbata) mobilizazioa egingo dute Herriko Plazan Solastiar eta Etawasol elkarteek. Gainerakoan hitzaldiak, kirol-jarduerak, ikuskizunak edota tailerrak izango dira hilabete osoan. Aiaraldea.eus atariko agenda atalean kontsulatu daitezke ekintza guztiak.