Laudio Igeriketa Klubak larunbat izugarri bizia izango du, 400 kirolari elkartuko baititu Granja Udal Kiroldegian goizez. Hitzordu lehiakorra izango da, baina helburu nagusia izango da parte hartzaileek gozatzea.
Gauzak horrela, jardunaldia 09:30ean hasiko da eta lehenik eta behin 2020 eta 2023 urteen artean jaiotako haurrek hartuko dute igerilekua, erakustaldia egiteko. Aukera ona izango da gurasoek eta ingurukoek ikus dezaten umeek garatutako trebezia.
Horren ondoren ekingo diote lehiatzeari eta azken proba berezia izango da. Hain zuzen, txandakako lasterketa egingo dute eta talde ezberdinetako igerilariak nahastuko dituzte horretarako. Goiza sari banaketarekin amaituko dute.
Zuzendaritza berria dauka klubak eta ilusioz ekin diote lanari. Horren isla da gonbidatu duten taldeen zerrenda:
- Menditxo (Araba)
- Judizmendi (Araba)
- Urgain (Araba)
- Zadorra (Araba)
- Bilbo (Bizkaia)
- Ciudad de Oviedo (Asturies)
- Bahía Ostende (Kantabria)
- Viladecans (Katalunia)