"Laudiok badu historia eta Laudiok badu ondarea. Baina, batez ere, Laudiok pertsonak ditu". Aldarrikapen horrekin aurkeztu du Ainize Gastaka alkateak Arabako Herriak elkarteak Laudiori buruz ondu duen liburuxka. Gaur egin dute lanaren aurkezpena Beldui Txakolindegian, mokaduaz eta bisita gidatuaz lagunduta.
Amamengandik bilobengana proiektuaren parte da liburuxka, eta Carmen Olabarriaren bizitza, bai eta Amaia eta Helene bilobei egindako transmisioak ditu lanak ardatz. Inma Roiz antropologoa eta Itziar Herran kazetaria arduratu dira Olabarriaren kontakizunak jasotzeaz. Hari horretatik tiraka, Laudioren iraganaren eta orainaren erradiografia osatu dute, "dibulgazio turistikoa eta kulturala" helburu dituen argitalpenean. Bidean beste hainbat pasarte jaso dituzte ere, Iratxe Larrazabal okinarenak tartean.

Arabako Herriak
Liburuxka eskuragarri egongo da Laudioko turismo bulegoan, baita Interneten ere, Arabako Herriak proiektuaren web orrialdean. Dibulgazio turistikoa eta kulturala helburu dituen egitasmoa da Arabako Herriak. 2024an sortu zen, eta geroztik Arabako hamaika udalerrietako memoria eta ondarea berreskuratu ditu, bertako emakumeen ahotsa eta bizitza ardatz hartuta beti ere.
Laudioko "ezinbestekoak"
Memoria ariketatik harago, sustapen turistikoa ere du helburu proiektuak. Bide horretan, Laudioko hamar "ezinbestekoak" ere bildu dituzte liburuxkaren bigarren kapituluan, eta "tokiko ondare historiko eta naturalaren, eta ondare immaterialaren baliabide nagusiak" deskribatzen dira bertan. Hauek dira "ezinbestekotzat" jo dituzten horiek:
- Ermualde
- Laudioko ondare industriala
- Lamuza Parkea
- Dolumin Barikua
- Done Petri elizako atari modernista
- Odoloste-jan herrikoiaren tradizioa
- Txakolina
- Laudioko txirrindularitza tradizioa
- Rakatapla eta Arloteak elkarteak
- Orkidea basatien ibilbidea
Liburuxkan zein webgunean jaso dituzte hamar "ezinbesteko" horien inguruko informazio zabala. Horrekin batera, bisitariei zuzendutako Laudioko informazio praktikoa ere bildu dute, lana borobiltzeko.