Poloniako ikasleak heldu dira Laudiora, Erasmus+ programari esker

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 10a

Ikasle eta irakasle poloniarrak atzo Laudio Institutuan. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko familien etxeetan geratuko dira aste honetan eta martxoaren 22an, berriz, tokiko ikasleek Geisenheimera (Alemania) bidaiatuko dute. Ondoren, apirilaren 19tik 26ra, Poloniako ikastetxera joango dira, hango ikasleen bisita itzultzeko.

Laudio Institutuko ikasleak Erasmus+ programaren barruan lanean ari dira berriro eta igandean 21 gazte poloniarren bisita jaso zuten. Varsoviako nerabeak igandera arte egongo dira eskualdean eta bertako hainbat familiaren etxeetan hartu dute ostatu.

Laster aiaraldearrak izango dira bidaiatuko dutenak. Zehazki, martxoaren 22an Alemaniako Geisenheim hirira joko dute eta apirilaren 19an Varsoviara. Hurrengo ikasturtea hasi bezain pronto, irailean, alemaniarrak bertaratuko dira Laudio Institutura. DBH3 eta DBH4ko eskualdeko 40 bat ikasle ari dira proiektuan parte hartzen.

Gainera, Finlandiako beste ikastetxe batekin ere elkarlanean arituko dira, Europako hizkuntza gutxituen inguruan egindako lanaren bidetik jarraituz.

Adimen Artifiziala ardatz

2026ko apirilera arte luzatuko den Erasmus+ programaren helburuak izango dira Adimen Artifizialean prestakuntza integrala sustatzea, berrikuntza pedagogikoa eta etika digitala garatzea, ikaskuntzaren inklusioa eta pertsonalizazioa indartzea, ingurumen-jasangarritasuna bultzatzea eta nazioarteko lankidetza sendotzea.

Hori jorratzeko jarduera ugari antolatu dituzte eta ikasle poloniako gazteek Donostiako Zientzia Museoa, Bilboko Guggenheim museoa eta Bilbon dagoen Ni naiz adimen artifiziala erakusketa murgiltzailea bisitatuko dituzte.

Horrez gain, Adimen Artifizialari buruzko tailerrak egingo dituzte Danel Solabarrieta eta Mikel Ortiz de Etxebarria adituen gidaritzapean. Halaber, harrera-familiekin egoteko denbora izango dute eta Euskal Herrira egindako bisitaz gozatzeko aukera ere bai.

Tokiko zein kanpoko ikasleak pozik

Denbora gutxi Euskal Herrian igaro arren, Varsoviako gazteek poztasuna adierazi zioten atzo Aiaraldea Komunikabideari, nahiz eta komunikazio arazoak aitortu. 

Oro har, gustura daude esperientziarekin eta azpimarratu zuten oso leku polita dela Euskal Herria eta eguraldia Poloniakoa baino nabarmen beroagoa dela.

Halaber, aipatu zuten ezustekoa izan zela jendea oso atsegina eta adeikorra izan zela eurekin Bilbon.

Independentzia garatzeko tresna

Tokiko ikasleek ere hartu zuten hitza atzo, bai jadanik bidaia egin dutenek zein laster Varsoviara edo Alemaniara joango direnek. Laster Europako ekialderantz joko dutenen artean Nahia Zulueta eta Urtzi Pikaza daude. Atzerrian esperientzia ona izatea espero du Nahiak eta Urtzik azpimarratu du bisitari poloniarrak oso jatorrak direla. Horrez gain, biek espero dute ingeles maila hobetzea kanpoan eta poloniar kultura ezagutzea.

Irati Sanchez, Ane Arroyo eta Lucia Arroyo Erasmus+ prgramako bidaiariak izan dira jadanik, Irlandan, Finlandian eta Südtirolen, hurrenez hurren. Hirurentzat independentzia irabazteko tresna izan zen bizipena eta, oroitzapen oso politak gordetzeaz gain, hainbat lagun egin zituzten.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide