Maderas de Llodioko sindikatuek etsipena adierazi dute zuzendaritzarekin eta erakunde publikoekin izandako bileren ondoren. Izan ere, eduki anitzak landu dituzte, baina ez da inolako akordiorako biderik ireki horien ondoren. Bitartean, langileek 173 greba egun bete dituzte gaur.
Orain arte, Laudioko udaletxean eta Gasteizko Arabako Foru Aldundiko egoitzan bildu dira, atzo eta aurreko astean, hurrenez hurren. Dena den, hitzorduek ez dute emaitza positiborik utzi.
Langile erakundeek azpimarratu dute funtsezko gaiak jorratu dituztela: Beharginen berronartzea, lan karga... Baina alde sozialaren eta enpresaren arteko desberdintasunak nabariak direla oraindik.
Horrez gain, aipatu dute bi bileretan hitz egindakoa ez dela idatziz jaso eta hori ezinbestekoa dela eurentzat: "Seriotasunagatik eta ziurtatzeko alde guztiok gauza bera ulertzen dugula, gutxienez".
Erakundeen inplikazio handiagoa
Eragile guztien hurrengo bilera martxoaren 23an izango da Gasteizen, foru egoitzan. Hitzordu horretarako sindikatuek espero dute instituzioen inplikazio handiagoa: "Ez bakarrik eztabaidatzen eta proposatzen dena idatziz jasotzea. Langileen alde egitea eskatu nahi diegu Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Ez du balio bitartekari lan hutsa egitea, konponbidea topatzeko ekarpenak egin behar dituzte".