Ignacio Aldecoa ipuingile gasteiztarraren izena daraman nazioarteko jaialdi literarioa hiriburutik aterako da lehenbizikoz. Hain zuzen ere, Laudioko Kasinoan euskarazko ipuingintza berriaz eta zientzia fikzioaz mintzatuko dira bihar Patxi Iturregi, Ruben Sanchez Bakaikoa eta Txani Rodriguez idazleak.
Ruben Sanchezek Ignacio Aldecoa beka eskuratu zuen iaz eta, horri esker, Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratuko du Mundu guztiak ipuin liburua. Biharko topaketa aurkezpenerako baliatzeaz gain, zientzia fikzioaren gaian sakontzea da antolatzaileen asmoa, eta horretarako, Patxi Iturregi idazle laudioarra izango du bidelagun.
Izan ere, Antropozenoaren nostalgia izenburu duen bere azken liburuak genero hori lantzen du batik bat. "Bion liburuak aztertu, konparatu eta komentatuko ditugu eta euskarazko zientzia-fikzioaren historia eta oraingo egoera aztertuko dugu: aitzindariak, korronte desberdinak eta generoaren azken gorakadarako arrazoiak aipatuz", azaldu dio Iturregik Aiaraldea Komunikabideari. Solasaldia gidatzeaz Txani Rodriguez arduratuko da.
Aldecoa Festibala, ipuingintza ardatz
2024an abiatu zuen bere ibilbidea Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiak. Ignacio Aldecoa idazlearen omenez darama izena eta aurtengo leloa ere bere aipu bat da, Iban Zalduak azaldu duen bezala: "Hortik aurtengo Ipuin Literarioaren hirugarren Jaialdi honetarako aukeratu dugun leloa, Ignacio Aldecoa ―gure patroi― handiak generoaz aritzean proposatu zuenaren ildotik: «Ez gertakarien erritmoaz: ipuina hitzaren erritmoaz egiten da»".
Atzo hasi ziren lehenbiziko ekintzak, eta martxoaren 14ra arte luzatuko dira. Biharko Laudioko mahai-ingurua izango da Gasteiztik kanpo egingo den jarduera bakarra. Egitarau osoa hemen ikus daiteke.