BBK Live jaialdiaren 20. edizioan joko du Barrrk taldeak. Gaztea Maketa Lehiaketaren azken edizioan Harrobia saria irabazi ostean iritsi zaie aukera, eta euskal musika eszenan pausoz pauso tokia egiten ari den taldearentzat mugarri garrantzitsua izango da.
Orozko, Laudio, Getxo eta Malagatik datozen lau kidek osatzen dute Barrrk eta taldeak urtebeteko ibilbidea apenas egina zuela aurkeztu ziren Gaztea Maketa Lehiaketara. Harrobia Saria besapean itzuli ziren Gasteizeko Jimmy Jazz aretoko finaletik eta Oso Polita diskoetxearekin EP bat grabatzeko aukera ireki zitzaien orduan.
Diska laburra grabatzeaz gain, Oso Politaren rosterera ere batu da taldea euskal eszenako beste hainbat talderekin batera, hala nola TOC, Mirua, Hofe eta Kiliki. "Taldearentzako momentu honetan oso aukera ona" izan daitekeela iritzi zuten eta hainbat ate ireki dizkie.
"BBK Liven kartelean amaitu dugu eta datozen hilabeteetan areto politetan ere joko dugu, oraindik horren berri eman ezin dugun arren", azaldu dio Josu Amundarain Barrrkeko taldekideak Aiaraldea Komunikabideari.
Eskertuta dago taldea aukera horiek jaso izanagatik; izan ere, uste dute hasiberria den talde batentzat oso zaila dela norbere kabuz bidea egitea.
Eszenatoki handi batera igotzeko gogotsu ere badaude: "Esperientzia oso potentea izango da BBK Liven jotzea. Taldekide guztiak egonda gaude bertan behin baino gehiagotan eta, egia esan, pozik hartu genuen proposamena".