M17 Greba Orokorra Aiaraldean

Etorkizuna Aiaraldearena dela aldarrikatu dute milaka lagunek greba orokorraren amaieran

Erredakzioa 2026ko martxoaren 17a

Milaka lagunek hartu dituzte Laudioko kaleak gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorraren mobilizazio nagusian. "Etsipenetik urrun", eskualdearen etorkizunaren alde borrokan jarraitzeko aldarria ozen plazaratu dute manifestazioan.

Ia 2.000 lagun batu dira greba orokorraren baitako eskualdeko mobilizazioan. Arratsaldeko seietan abiatu dira Lamuza plazaratik, eta herriguneari buelta luzea ematen diote, anbulatoriotik San Roke erresidentziara. 

Gazte batek, haur batek, pentsiodun batek, jantokietako langile batek, erresidentzietako behargin batek eta Maderas de Llodioko eta Tubos Reunidoseko grebalari banak eutsi dute manifestazioaren buruan joan den pankarta. Lema, iragan otsailaren 20an Amurrion eginiko mobilizazioaren antzekoa, baina moldaketa batzuekin: "Aiaraldearen etorkizuna defendatu, 1.500 euroko SMI (gutxieneko soldata) hemen erabaki". 

Modu horretan, Euskal Herriko gehiengo sindikalak plazaratutako aldarriak eskualdeko une honetako egoerarekin uztartu dituzte grebalariak. Ikuspegi global hori presente egon da mobilizazio osoan zehar. Osasun sistema publiko eta duinaren aldeko aldarria plazaratu dute anbulatorioan, zaintza sektoreko langileak txalo artean hartu dituzte erresidentzian... eta, bi puntu horien artean, beste hainbat ekimen burutu dituzte, bengala, buzo gorri zein pankartak baliatuta. 

Herriko plazan amaitu dute ibilbidea. Bertan, "etsipenarik lekurik ez" egiteko deia luzatu dute, etorkizuna Aiaraldearena dela aldarrikatuz, "langile klasearena". Banan banan zerrendatu dituzte "eskualdea eraiki duten, eraikitzen duten eta eraikiko duten langileak". Horrekin batera, borrokan jarraitzeko beharra jarri dute mahai gainean, Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko langileek bihar ere greban jarraituko dutela gogorarazita. 

Argazkiak: Aimar Gutierrez eta Amaia Pagazaurtundua

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide