Atzo abiatu ziren Laudio BHI-ko ikasleak eta irakasleak Alemaniara Erasmus+ programari lotutako egonaldia hasteko. Hegaldia hartu behar izan zuten horretarako, baina bidaia ez zitzaien neketsua egin, adierazi dutenez: "Bi orduko zuzeneko hegaldi erosoa izan dugu Loiutik Frankfurtera eta horrek bidaia atsegina egin du guztiontzat. Gure ikasle batzuentzat hau izan da beraien lehen esperientzia hegazkinez bidaiatzen, bidaia are bereziagoa eginez. Urduritasuna izan dugu hasieran baina baita gogoa ere bidaia hastean".
Frankfurtera heldu eta han zuten jendea zain: "Zeru eder eta eguzkitsuaren pean iritsi gara Frankfurtera, oso harrera beroa. Aireportuan, Sascha gure zain egon da, mugikortasun honetan ostatu emango digun irakasle alemaniarra. Bidaia hau asteak prestatzen eman ondoren, berarekin aurrez aurre egitea une polita izan da taldearentzat. Handik aireportuko tren geltokira joan gara eta, nahiz eta pixka batean itxaron behar izan tren zerbitzuaren atzerapenagatik, taldea umore onean egon da".
Edonola ere, bidaia ez zen han amaitu: "Trenez Wiesbadenera heldu gara eta hantxe geneuzkan zain harrera-familiak. Irribarre adiskidetsuz eta oso jarrera atseginean hartu dituzte gure ikasleak, hasieratik giro lasai eta erosoa sortuz. Aurkezpen labur baten ondoren, ikasle bakoitza bere harrera-familiarekin joan da egonaldiari ekiteko. Urduritasun apur bat egon da baina baita jakin min eta poz handia ere aste honetan izango dugu esperientziarekiko".
Lehen gaua inolako ezusterik igaro dute eta astebetea dute aurretik Adimen Artifizialari buruz hausnartzeko eta beste kultura batean murgiltzeko.
Argazkiak: Laudio BHI