Igandean Geisenheimera heldu ondoren, atzo igaro zuten lehenengo eguna Saint Ursule-Schule ikastetxean Laudio Institutuko ikasleek. Azaldu dutenez, 1894. urtean du jatorria, Frankfurteko Ursulina ahizpek sortua, eta gaur egun ere tradizioa eta hezkuntza berritzailea uztartzen dituela egiaztatu ahal izan dute.
Zuzendariak, Jochen Doufrainek, ongietorri beroa eskaini zien, eta eskolaren balio nagusiak azaldu zizkien. Ondoren, Erasmus koordinatzailearen gidaritzapean, instalazioak ezagutzeko bisita egin zuten.
Arkitektura zaharra eta modernoa uztartzen dituzten eraikinak ikusi zituzten, eta bereziki deigarria egin zaie Aiaraldeko ikasleei Ursulina mojentzat dagoen hilerri txikia, eskolaren erdigunean kokatutakoa.
Horren ostean, eguneroko eskola-bizitzan murgildu ziren. Batzuk frantseseko klaseetara joan ziren. Beste batzuk, berriz, tutoretza-saioetan aritu ziren, tokiko ohiturak eta bizimodua sakonago ezagutzeko.
Harrera familiekin bazkaldu ondoren, jarduera anitzak izan zituzten. Gehienak Rheingau eskualdeko herrietan daude banatuta, hala nola Rüdesheim am Rhein, Oestrich-Winkel, Geisenheim edo Eltville am Rhein.
Hori dela eta, batzuek inguruko herriak trenez ezagutu zituzten; beste batzuek erosketak egin edo paseo lasaigarriak eman zituzten; zenbaitek kirol jardueretan parte hartu zuten, eta gutxi batzuek etxean geratzea aukeratu zuten, harrera-familiekin harremanak sendotzeko.
Oro har, egun borobila izan zutela ondorioztatu dute eta, gainera, eguraldia lagun izan zuten.
Argazkiak: Laudio Institutua