Sindikatuek salatu dute Garnicak edozein konponbide blokeatzen duela Maderas de Llodioko lan gatazkan

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 25a

Astelehenean elkarretaratzea egin zuten langileek Gasteizen, bilerak iraun bitartean.

Astelehenean egin zuten hirugarren bilera Gasteizen eta LABek eta ELAk kritikatu dute Garnicako ordezkariek "edozein eduki erreal eztabaidatzea ekidin zutela".

Astelehenean bilera egin zuten Gasteizko Foru Aldundiko egoitzan Maderas de Llodioko langileen ordezkariek, Garnicako zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako zein Foru erakundeko arduradunek. Hirugarren bilera izan zen, baina LABek eta ELAk zabaldu dute "ezer gutxi aurreratu zutela" lan gatazkaren konponbidean.

Langile erakundeek azpimarratu dute adostasuna lortzeko edukiak eraman ordez, grebari buruz eta horretan gertatutako egoerei buruzko eztabaida soilik proposatu zuela Garnicak, edozein akordiori bidea oztopatzeko.

"Gure ustez, jokabide horrek larritasunez kezkagarria den seriotasun eta konpromiso falta erakusten du gatazkari irtenbidea emateko orduan. Hiru bilera igaro ondoren, ez da benetako aurrerapenik egon funtsezko edukietan, eta horrek zalantza handiak sortzen ditu enpresak akordio bat lortzeko duen borondateari buruz", adierazi dute sindikatuek.

Gogoratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak bitartekari ardurak hartu dituztela prozesuan eta, iturri sindikalek aipatu dutenez, eurek ere "harriduraz" hartu zuten enpresaren jarrera.

Hala eta guztiz ere, sindikatuek berretsi dute negoziazioa dela bide bakarra gatazka bideratzeko: "Gure aldetik, fede onez negoziatzeko prestutasuna berresten dugu, eta egoera desblokeatzeko irtenbideak lantzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, enpresari eskatzen diogu taktika horiek alde batera uzteko eta gatazkaren benetako edukiei heltzeko".

Bihar beste bilera bat egingo dute alde guztiek eta langileek elkarretaratzea deitu dute Herriko plazan. Gogoratu beharra dago Maderas de Llodioko beharginek iazko irailean abiatu zutela greba mugagabea eta 180 egunak gainditu dituztela jadanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide