Lanpostuen Balorazio berria aplikatzea eskatu du Laudioko Udalbatzak, bigarren aldiz hiru urtetan

Txabi Alvarado Bañares 2026ko martxoaren 31

Hainbat mobilizazio egin zituzten udal langileek duela urtebete gai honi lotuta. / Aiaraldea.eus

ELA eta LAB sindikatuek aurkeztu zuten mozioa atzoko Udal Osoko Bilkuran, eta oposizioko talde guztien aldeko botoarekin atera zen aurrera. 

Plenora itzuli ziren atzo Laudioko Udaleko langileak. Mozioa aurkeztu zuten bertan ELA eta LAB sindikatuek, “2023tik onartuta dagoen Lanpostuen Balorazioa aplikatzea eskatzeko”. Ez da gaia Udalbatzara eraman duten lehen aldia, eta emaitza antzekoa izan zen atzokoan ere: oposizioko talde guztiek bozkatu zuten alde, eta EH Bildu abstenitu egin zen. 

Omnia izan da jarreraz aldatu duen bakarra. Alderdi laudioarra abstenitu egin zen gaia plenora eraman zen aurreko aldian. Garai hartan udal gobernuan zeuden talde horretako kideak baina, atzoko bilkuran azaldu zutenez, ez zuten langile batzarrean parte hartzen eta ez zuten gaiari buruzko informazio nahikorik, eta horregatik erabaki zuten abstenitzea.

Atzo, aldiz, aldeko botoa eman zuten, hiru urte pasatu direlako lanpostuen balorazioa plazaratu zenetik eta badelako garaia “oihuka” ateratzeko “udal gobernuaren geldotasunaren aurrean”. 

Geldotasun hori kritikatu zuen EAJk ere, eta nabarmendu zuen EH Bildu gobernuan dagoenetik lan eskaintza publiko guztiak geldirik egon direla. Era berean, 2023an eginiko balorazio hura balioan jarri zuen Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak, lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak eragingo lituzkeela goraipatuta. 

PSE-EEk, bere aldetik, lanean "berehala" jartzeko deia zabaldu zuen, Lanpostuen Balorazioa ahalik eta azkarren onartzeko. 

ELAk salatu du azken urteetan %8,5 murriztu dela Udaleko langileen erosahalmena, eta gogorarazi du langileak hainbat aldiz mobilizatu direla gai honi lotuta, “EH Bilduko gobernu taldeak une oro egin duelako lan-baldintzak hobetzearen aurka”

EH Bilduren azalpenak

Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak hitz egin zuen plenoan gobernuaren izenean. EH Bilduko ordezkariak azaldu zuen 2023an onartutako lanpostuen katalogoak ez dituela lanpostu guztiak barnebiltzen, eta azken urteetan beste hainbat aldaketa egon direla. “Zazpi lanpostu aldatu dira urte hauetan eta sei lanpostu berri sortu dira, eta aldaketa horiek egokitu behar dira”, nabarmendu zuen. Era berean, “segurtasun juridikoaren beharra” ere jarri zuen mahai gainean.

Dena dela, langileek mozioan bertan erantzun zioten gai horri, Lanpostuen Balorazioak ELAko zerbitzu juridikoen oniritzia zuela nabarmenduta. 

Ia ordubetez luzatu zen alderdien aldeko eztabaida atzoko plenoan. EH Bilduk ez zuen bere jarrera aldatu, baina gaia apirileko batzordean lantzera konprometitu zen EAJrekin. 

ELAren oharra

ELAk atzo goizean plazaratu zuen oharra arratsaldean aurkeztutako mozioaren inguruan. Sindikatuak salatu du azken urteetan %8,5 murriztu dela Udaleko langileen erosahalmena, eta gogorarazi du langileak hainbat aldiz mobilizatu direla gai honi lotuta, “EH Bilduko gobernu taldeak une oro egin duelako lan-baldintzak hobetzearen aurka”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide