Adin guztientzako kirola da igeriketa. Hori argi dute Laudioko klubeko kideek. Iaz jarri zuten martxan Master kategoriako taldea, eta lehen garaipenak erdietsi dituzte dagoeneko.
Matt Doughty urduñarra da taldekideetako bat. Berak proposatu zuen urratsa ematea, Laudioko igerilekuetara entrenatzera jende ugari bertaratzen zela ikusita. Bere hitzetan, “errazagoa eta entretenigarriagoa” da taldean aritzea, kideak elkarren artean lagundu eta motibatzen direlako.
Gainera, entrenatzailearen laguntza ere izaten dute, egiten dutena zuzendu eta hobetzen laguntzeko. Asteazken eta ostiraletan batzen dira entrenatzeko. Kategoria absolutuko taldearekin batera aritzen dira, eta “oso giro positiboa” sortzen du horrek “jende gaztearen eta beteranoagoaren artean”. Teknika eta lan fisikoa jorratzen dituzte, igerilekuetako txapelketetara bereziki bideratuta.
Izan ere, hasi dira dagoeneko txapelketetara aurkezten. Bi norgehiagoketan aritu dira, Logroñon zein Iruñan, eta azken horretan hainbat domina lortu zituzten.
Izan ere, hasi dira dagoeneko txapelketetara aurkezten. Bi norgehiagoketan aritu dira, Logroñon zein Iruñan. Azken horretara lau kide bertaratu ziren, otsailean, eta pozik itzuli ziren bertatik. Doughtyk lehen postua lortu zuen bular-igeriketan zein kategoria librean; Nerea Garaio laugarren eta bosgarren geratu zen bi kategoria horietan, hurrenez hurren; Andoni Aldekoak hirugarren postua lortu zuen modalitate askean eta Judith Martinek hirugarren postua erdietsi zuen bi estiloetan.
Maila ezberdinak daude taldearen barruan. Batzuk umetan egiten zuten igeri, eta azken urteetan berriz ekin diote. Beste batzuk, aldiz, beste kirol batzuetatik gerturatu dira igerilekura, eta badaude baita taldean igeri egite hutsean motibazio nahikoa topatzen dutenak ere.
Erronka berriak
Maiatzaren 16an izango dute hurrengo hitzordua, Santurtzin. Liga Norteko azken topaketa egingo dute bertan, eta “bereziki interesgarria” izango dela uste du Doughtyk, kirolari ez-federatuei ere lehiatzen utziko zaielako proba batzuetan.
Horrez gain, Espainiako txapelketetan parte hartzea ere baloratzen ari dira. Logroñon izango da zita uztailaren 4ko asteburuan. Hori ere oso esperientzia interesgarria izatea espero dute, normalean ez dutelako mota horretako norgehiagoketara aurkezteko aukerarik.
“Kasu honetan ez da gutxieneko markarik eskatzen parte hartzeko, eta horregatik jende ororentzat irekiagoa izango da”, azaldu du Doughtyk. Gauzak hala, udako hitzordu hori “aukera bikaina” izango dela uste du igerilariak, “gozatzeko, lehiatzeko eta maila handiko parte hartzaileekin batera aritzeko. Oso inspiratzailea izango da".