Urte bete pasatxo daramazue Euskal Pilota Federazioko zuzendaritzan. Ofizialtasunaren aferak markatu du urtea bereziki, eta TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak gaiaren gaineko ebazpena egin du berriki. Lehenik eta behin, zer da TAS?
Suitzan sortutako tribunala da TAS, kirol jarduerari lotutako kontuak epaitzen ditu, nazioartean. Futbolari lotutako kontu asko epaitu dira tribunal horretan esaterako. Tribunala Suitzan dago kokatuta, eta bertako epaileak suitzarrak ez badira ere, Suitzako jurisprudentzia errespetatu behar du.
Eta zer da TASek berriki ebatzi duena?
Historia pixkat egitea komeni. 2002an Euskal Pilota Federazioa Espainiako Pilota Federaziotik atera egin zen. Ordutik, eta 2024ko abendura arte, atxiki gabeko federazioa izan gara, ez gara inongo organo nagusiagoan egon. Guk geuk antolatu ditugu gure txapelketak baina ez geneukan nazioarteko errekonozimendurik, eta, beraz, ezin genuen nazioartean lehiatu.
2024ko abenduaren 28an, ordea, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak guk bertan parte hartzearen alde egin zuen. Horrek esan nahi du, geroztik, federazioko gainerako kideek dituzten eskubide eta betebehar berdinak ditugula eta, ondorioz, Frantziak, Espainiak, Argentinak edo beste hainbeste herrialdek duten maila berdinean lehiatu gaitezkeela. Espainiako eta Kubako Federazioek, ordea, helegitea jarri zuten (Kubakoak erretiratu egin zuen gerora). Helegitea Euskal Pilota Federazioaren aurka jarri zuten, nahiz eta gu ez ginen Nazioarteko Federazioak gure aldeko erabakia hartu zuen batzarrean egon. Urtebete baino gehiago luzatu da errekurtsoaren ebazpena, eta azkenean TASek ebatzi du berak ez zuela jurisdikziorik helegitea epaitzeko.
Kontsolidatuta dago beraz Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasuna.
Nazioartean aritzeko Espainiako legedia betetzen du gure Federazioak, horregatik erabaki du TASek bera ez dela inor helegiteari erantzuteko. Espainiako Federazioak bazituen beste bide batzuk, eraman zezakeen gaia Espainiako auzitegietako bide administratibotik, baina TASera jotzea erabaki zuen. Agian hor okertu egin ziren. Espainiako Federazioari geratzen zaion aukera bakarra, bakarren bat geratzen bazaio, Suitzako tribunal baten aurrean errekurritzea da, baina Suitzako tribunal batek Suitzako jurisprudentzia bete behar duela jakinda, oso zail luke hori aurrera ateratzea.
Euskal Pilota Federazioko hauteskundeak irabazi berritan izan zenuten TASeko helegitearen berri.
Bide nekeza izan da, eta ez akaso guk nahiko genukeena zuzendaritzan lanean hasteko. Abokatuekin lan handia egin dugu eta horrek fruituak eman ditu azkenean. Gainera, tartean aukera izan dugu gure selekzioa jokatzen ikusteko.

Mugarria jarri zuen Euskal Selekzioak iaz.
Non eta Euskal Herrian. Gure selekzioa Gernikan lehiatzen ikustea izugarria izan da. Mexikon eta Argentinan ere izan gara, nazioarteko txapelketetan lehiatzen. Orain arte gonbidatu gisa aritu gara, eta behingoz aukera dugu duintasun osoz lehiatzeko.
Nazioen Ligak etengabeko irribarrea eragin zuen gugan, zein Gernikako frontoira hurbildu zen jende guztiarengan. Zaleak berdez jantzita ikustea, selekzioa animatzen… emozio handiko egunak izan ziren zalantzarik gabe, oso gustagarriak. Bilbon eta Barakaldon ere izan dira nazioarteko lehiaketak aurten, eta horiek ere oso bereziak izan dira.
Kirolariek zama astuna eraman dute bizkarrean. Nabaria zen haien urduritasuna, bereziki Bilbon eskuz lehiatu ziren pilotarien artean, oso gazteak baitziren. Lehendabizikoz ari ginen nazioartean lehiatzen eta haiek ziren gure ordezkari, motxila handia da hori.
Oraindik ere asko dugu ikasteko. Nazioartean desberdin jokatzen da. Askotan uste dugu euskaldunak izateagatik dena irabaziko dugula, baina txapelketak kantxan irabazi behar dira.
Urrats berri honek aldaketa eragingo zuen federazioan. Erronka eta urrats berriak dituzue aurretik?
Erronka berriak jakina. Federaziora sartu ginenean aurrekontua bat zen, orain biderkatu egin da: bidaiak, prestakuntza saioak, teknifikazioak… Hautatzaileen eta babesle berrien bila gabiltza ere. Zerotik abiatu gara, eta bagoaz apurka apurka egitura handitzen.
Gure hautagaitzaren oinarrietako bat klubei ahotsa ematea zen. Selekzioak gauza goxoak ekartzen ditu baina denbora xurgatzen du ere, eta beste alorretan ditugun egitekoak ezin ditugu alboratu.
Selekzioaz haratago, zeintzuk dira federazioko zuzendaritzak dituen erronka horiek?
Gure nahia da Euskal Liga potente bat sortzea, hainbat maila izango dituena eta bost hilabetez luzatuko dena. Liga hori sustatu nahi dugu, eta ez bakarrik elite kategorian, baita beherago dauden mailetan ere. Ari gara lanean hurrengo ikasturtean lehiaketa hori martxan jartzeko. Klubekin eta federazioekin bilerak egin ditugu hori guztia bideratzeko. Gurpildun aulkian lehiatzen diren kirolarientzako ere txapelketak antolatu nahi ditugu, eurak ere ordezkatzen dute Euskal Selekzioa.
Euskal Pilotaren barruan hamazazpi jokamolde daude, eta denak sustatu nahi ditugu, ahalik eta jokalari onenak sortzeko jokamolde guztietan.
Laster Mendozara goaz bote-luzean jokatzera. Hemen ez daude talde asko bote luzean aritzen direnak. Aldiz, Argentinan, Herbehereetan… badira talde ugari. Duela bederatzi urte joan ginen aurrenekoz Valentziara jokamolde honetan aritzera, eta geroztik geroz eta gehiago gara honetan aritzen garen euskal pilotariak.

Zein da euskal pilotaren osasuna?
Euskal pilotaz ari garenean eskua datorkigu lehendabizi burura, hori baita telebistan ikusten duguna. Horren atzetik zesta daukagu. Zesta pizkundea ari da bizitzen, eta bide onetik doala uste dugu.
Eskua “gaixorik” dago gaur gaurkoz. Enpresak monopolioaz ari dira; diote plantemanedu berri bat osatuko dutela, klubekin harremanetan... Zenbat klubekin? Klub batzuekin soilik? Gertatuko da orduan jokalari onenak klub konkretu batzuetara joango direla eta gainerakoak hustu. Guk nahi duguna da klubak sustatu eta klubetan ahalik eta haur gehien egotea. Enpresak ez dira konturatzen kantitatetik kalitatea sortzen dela. Ikusi beharko da ere non dagoen eskua hemendik eta urte batzuetara.
Euskal pilotak eskoletako curriculumetan behar du tokia ere. Eta ez gaude ezer asmatzen. Badira adibideak beste herrialde batzuetan, eta horri esker nabarmen egin dute gora kirol-fitxek. Bagabiltza urratsak ematen bide horretan, eta espero dugu laster fruituak ematea. Horri guztiari nazioarteko lehiak jokamolde desberdinei emango dien ikusgarritasuna gehitu behar zaio. Selekzioaren ofizialtasunak aukerak biderkatu ditu. Haize berria ekar dezake euskal pilotara, eta orain arte urruti geratu zaizkigun nazioarteko txapelketak gugana gerturatu.
Asko indartutako klubekin eta hemen zein mundu mailan egonkortutako eta sendo errotutako Euskal Selekzio batekin nahiko genuke iritsi egungo federazioaren zuzendaritzaren agintaldi amaierara, 2028ko abenduan.