Zelan joan da zuen esperientzia Euskal Herrian?
Zuza Kazubek: Oso ondo. Kultura izugarria da. Oso atsegina izaten ari da eta hemengo pasaiak oso politak dira.
Malgorzata Sobczyk: Ikasle askorentzat lehenengo aldia da Espainiako estatura etortzen direla, hortaz, dena da berria. Kultura, janaria, familiak… Eta ingelesez hitz egin ez ezik, gazteleraz ere egin ahal dute batzuek.
Hona iristerakoan zerbaitek harrapatu zaituzte ezustean? Espero ez zenuten zerbait?
Asia Pruszkowska: Oso berandu afaltzen da. Guk Polonian 19:00etan egiten dugu eta hemen maiz afaria ez da 21:00ak edo 22:00ak arte.
Wojtec Gluc: Gainera janaria oso ezberdina da. Guk ohikoan barazki gehiago jaten dugu. Horrez gain, paisaia askoz berdeagoa da hemen, Varsovia baino berdeagoa da Bilbo, adibidez.
M.S.: Nik azpimarratu nahi dut jendea benetan maitagarria dela, beti laguntzeko prest daude. Gurasoak zein familiak harremanetan daude gurekin, etengabe, gauez ere, eta galdetzen digute zerbait behar dugun. Pozik gaude hemen. Esperientzia oso ona izan da.
Zerbait bereziki gozagarria izan da?
A.P.: Paisaiak. Mendiak eta itsasoa topatu ditzakezu leku berean. Oso ondo dago, natura aurkitzen duzu edonon. Ez daukagu horrelakorik Varsovian. Eraikinak eta eraikinak eta etxebizitzen blokeak, hori da daukaguna.
W.G.: Ez daukagu tokirik kalean eserita egoteko.
Z.K.: Polonia baino nabarmen garbiagoa da hau, ez dago zaborrik kalean.
M.S.: Egiten ari programa Adimen Artifizialari buruzkoa da eta oso ondo prestatu dute. Tailerrak izan ditugu profesionalekin, azalpen ugari eman dizkigute: Nola erabili, zein arrisku dauden, nola baliatu ikasketetarako…
Zer moduz hemengo jendearekin?
Z.K.: Ondo, oso atseginak dira.
W.G.: Esaterako, denda batean sartuz gero, langileek irribarre egiten dute eta laguntzen dizute. Polonian nahiko ezatseginak dira.
A.P.: Niri ostatu eman didan gaztea oso atsegina da eta bere gurasoak ere, ez daude beti etxean, baina bai afaltzeko orduan eta galdera mordoa egiten dizkidate. Gure ingeles maila ez da onena, baina moldatzen gara itzulpenak egiten.
M.S.: Gainera, ikasten ari gara euskarazko hitzak. “Agur” eta “kaixo”, adibidez. Udiarraga da hemengo ingeles irakaslea eta ohituta dago irakastera. Oso lagungarria da.
"Paisaiak eta hiriak agian ezagutu ditzakezu bidaian, baina ez eskola, lagunen etxeak, ohiturak… Ezingo dugu errepikatu. Ahaztezina izango da"
Zerbait galtzen ari zaretela sentitu duzue uneren batean?
W.G.: Ez, uste nuen bidaia honek gelako guztiak elkarrekin joan gabe antolakuntza falta izango zuela, baina oso atsegina izaten ari da.
M.S.: Atsedenaldiak ditugu programaren barruan, dena ez da klasean egotea. Irakasleek arreta handiz jarraitzen dute zer gertatzen ari den, zer den interesgarria ikasleentzat eta malguak dira gurekin. Dena oso ondo eginda dago.
A.P.: Izan ditugu Donostia eta Bilbora txangoak eta izugarriak izan dira. Donostiako paisaiak eta hondartzak oso politak dira.
M.S.: Uste dut behin bidaia amaituta, itzultzeko gogoa izango dugula. Uste dut Espainiako estatua eta Euskal Herria berriz ere bisitatzeko interesa piztuko duela egonaldiak.
Z.K.: Bai.
A.P.: Hemen gelditzea nahiko nuke. Bilbo Varsovia baino hobea da. (barreak)
Etorkizunean zer uste duzue gogoratuko duzuela bereziki bisitari dagokionez?
Z. K.: Lagunekin paseatzea herrian zehar irri egiten egindako pasierak.
A.P.: Baita familia barik gaudela eta oso ondo gaudela.
M.S.: Paisaiak eta hiriak agian ezagutu ditzakezu bidaian, baina ez eskola, lagunen etxeak, ohiturak… Ezingo dugu errepikatu. Ahaztezina izango da.
Zuen bizitza Varsovian eta hemen oso ezberdinak dira?
W. G.: Bai. Eskolaz kanpoko jarduerak ditugu.
Z.K.: Hemengo bizitza lasaiagoa da, ez doaz leku batetik bestera korrika.
A.P.: Klaseak luzeagoak dira. 16:00etan bukatzen dugu eta gero eskolaz kanpoko jarduerak ditugu. Ikasi behar dugu eta ez daukagu denbora tarte handirik lagunekin egoteko.
M.S.: Eta zuek denbora gehiago ematen duzue aire zabalean.
W. G.: Varsovian ezin gara ikastetxetik atera.
M.S.: Nik aipatu nahi dut etorri izana aukera aparta izan dela, eta oso eskertuta gaudela irakasle zein familiekin eta irrikan gaude Laudioko ikasleak Varsovian hartzeko.