M17 Greba Orokorra Aiaraldean

Ludi, eskerrik asko gurekin egoteagatik

Luis Vil eta Aitor De la Torre 2026ko apirilaren 10a

Testu hau sinatzen dugunok (M17ko piketeko kide Luis Vil eta Aitor De la Torrek) Omniak EH Bilduko zinegotzi Ludi Temiñori egindako dimisio eskaerari buruz El Correo-k idatzitako artikuluari erantzun nahi diogu. Martxoaren 17ko grebaren piketearen buru izatea eta "mehatxu ekintzetan aktiboki parte hartzea" leporatzen zaio Ludi Temiñori, eta guk argi eta garbi diogu: argitaratutakoa manipulazio hutsa da, eta puntuz puntu desmuntatu beharra dago.

Piketea langile klasearen defentsarako tresna historikoa da. Bere funtzioa lan-gatazka espazio publikoan ikustaraztea da, eta gogoraraztea lana ez dela harreman indibiduala, kolektiboa baizik. Artikulua premisa faltsu batetik abiatzen da: piketea kriminalizatzea. Eta piketea kriminalizatzen duenak langile klasea eta bere eskubideak kriminalizatzen ditu.

Pikete batek ez du liderrik. Pikete bat modu horizontalean antolatzen da, langile borrokak hamarkada luzetan pilatutako irakaspenen ondorio. Ludi Temiño "lider" gisa aipatzea maniobra zatarra da: Ludi gutako bat gehiago izan zen, gure langile-klaseko kide garen heinean bertan parte hartzen dugun pertsona guztiak bezala, norberaren dituen desberdintasun politiko edo sindikaletatik harago.

Argigarria da (eta kezkagarria) zinegotzi bati eraso egin izana pikete batean parte hartzeagatik. Parte-hartze hori da, hain zuzen ere, edozein ordezkari publikorengandik espero den duintasun eta konpromisoa. Honakoa galdetu nahi dugu: Zein da Jakin Artarazek eta Omniak Aiaraldearen egoera kritikoarekin duten konpromisoa? Batzuek borrokan inplikatzea eta difamazioaren lokatzetan murgiltzearekin nahasten dute.

Artikuluak ez du soilik Ludi Temiñoren presentzia desitxuratzen, "merkatariak eta ostalariak beldurtzea" ere leporatzen digu. Hala ere, testuan bertan onartzen da negozio gehienek greba babestu eta itxi egin zutela. Errealitatea sinplea da: taberna bakar batekin hitz egiten genuen herri osoan. Bat. Zabalik zeuden gainerako negozioak banku-sukurtsal bat, Lanbide eta bi frankizia izan ziren. Laudioko pikete batek ez zuen inoiz hainbesteko elkartasunik aurkitu. Horregatik galdetzen diogu Omniari: Non daude komertzio "ikaratu" horiek? Non daude jaurtitako ustezko arrautzak? Nork galarazi dio inori irekitzea? Non daude salatu nahi diren gertakari larriak?

Piketeek ez dute lanerako eskubidea ukatzen: duintasunez lan egitea ahalbidetzen duten baldintza materialak defendatzen dituzte. Negoziazio kolektiborik eta enpresa-abusuaren mugarik gabe, "lanerako eskubidea" esaldi hutsala da. Piketerik gabe, “eskubide” hori enpresariak bere baldintzak inolako erresistentziarik gabe inposatzeko eskubidea da.

Horregatik guztiagatik, agian dimisioa eman beharko lukeena ez da Ludi Temiño, salaketa faltsu horiek zabaldu dituen Omniako zinegotzia baizik. Ez bakarrik difamatzeagatik, baizik eta historian egokituko litzaiokeen tokitik kanpo kokatzeagatik; defendatzen duen langile-klasearen borrokatik kanpo, hain zuzen ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide