Ekiola Aiara energia kooperatibari buruzko batzar informatiboak egingo dituzte Amurrio eta Laudion

Maider Ramirez Martin 2026ko apirilaren 10a

2023. urtean aurkeztu zuten Ekiola ekimena. / Arabako Foru Aldundia

Refor enpresaldean eta Apill-en egoitzan izango dira bilerak, datorren asteko asteazkenean, 9:30ean eta 15:30ean, hurrenez hurren. Kooperatibara batzeko zalantzak argitzeko aukera egongo da bi zitetan. 

Amurrioko industriagunean kokatutako Ekiola Aiara energia kooperatibak bilera informatiboak egingo ditu datorren asteko asteazkenean Amurrioko Refor enpresaldean eta Laudioko Apill elkartearen egoitzan, 9:30ean eta 15:30ean, hurrenez hurren. 

Zita horietara bertaratzen direnek ekimenaren nondik norakoak jasoko dituzte eta kooperatibara batzeko zalantzak ere argitu ahalko dituzte. 

Irabazi asmorik gabeko kontsumitzaileen kooperatiba da Ekiola Aiara eta Amurrioko Udalak lagatutako poligonoan dago kokatuta. 610 Wp-ko 2.064 panel eta 120 KWko kargagailu ultraazkarrak dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko 5 puntu ditu eskualdean zehar, Laudion, Amurrion, Arespalditzan, Luiaondon eta Okondon.

Aiaraldean bizi edo negozio bat duen horiei dago bideratuta ekimena, izan bizilagunak, merkatariak, enpresa txiki eta ertainak edo lehen sektoreko eragileak. Sustatzaileek azaldu dutenez, hainbat dira kooperatibako kide izateak ematen dituen aukerak, hala nola eskualdean ekoitzitako 0 kilometroko energia berdea kontsumitzea, lizentziarik edo baimenik izapidetu beharrik gabe eta mantenuaz arduratu gabe energia kooperatiba bateko kide izan ahal izatea, etxebizitzaren edo negozioaren instalazioan aldaketarik egin behar ez izatea, eta abar. 

610 Wp-ko 2.064 panel eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost puntu ditu ekimenak eskualdean zehar.

Onura ekonomikoak

Bestalde, bazkide kontsumitzaile izatearen onura ekonomikoak ere azpimarratu ditu Ekiola Aiara kooperatibak. Kenkari fiskalei dagokienez, %15ekoak jaso ahal dituzte bizilagunek. Era berean, 2026ko martxoaren 25ean, Espainiako Diputatuen Kongresuan berretsitako 07/2026 Errege Lege Dekretuaren onarpenaren arabera, Ekiola Aiara autokontsumoaren modalitate kolektiboaren barruan kokatzen da eta, ondorioz, ingurune hurbilean kokatutako bazkideek abantaila ekonomiko gehigarriak jaso ahal izango dituzte, fakturan % 30 eta % 50 arteko aurrezkiak lortuz.

Izan ere, energiaren prezioari dagokionez, lehenengo urtean batez besteko prezioa eguzki-ordutegian gutxi gorabehera 29 euro/Mwh-koa izango dela azaldu dute sustatzaileek (karguak, zerga eta bidesariak kanpo utzita). Proiektuaren balio-bizitza 30 urtekoa izango dela kalkulatu dute.

Informazio gehiago nahi duten herritarrek bileran bertan edo webgunean kontsultatu dezakete. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide