35 eta 27 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean Laudion, Oletako baserri batzuetan lapurtzea egotzita. Poliziak azaldu duenez, lau lapurreta salaketa erregistratu zituzten auzo horretan martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean. “Agenteek egindako begi-ikuskapenetan egiaztatu ahal izan zutenez, lapurrak inor ez zegoenean sartu ziren etxeetan, pertsianak behartuz eta leihoak kasu batzuetan bertan aurkitu zituzten mailuekin eta beste erreminta batzuekin hautsiz”, azaldu dute prentsa ohar baten bidez.
Ertzaintzak azaldu du “bildutako proba guztiek” iradokitzen zutela lapurreta guztiak pertsona berdinek eginikoak zirela, eta modu horretan lortu dutela atxilotutako bi gizonak identifikatzea. Polizia-etxera eraman dituzte bi atxilotuak, eta laster utziko dituzte epailearen esku.
Hamar lapurreta martxoaren 26tik
Oleta, Motxotekale eta Lusurbeirlanda auzoetako bost bizilagunekin hitz egin du Aiaraldea Komunikabideak. Auzokideak eurak jarri dira harremanetan hedabidearekin, zonaldeko etxeetan azken asteetan gertatutako lapurretak salatzeko.
Oleta, Motxotekale eta Lusurbeirlanda auzoetako bost bizilagunekin hitz egin du Aiaraldea Komunikabideak, eta hauek aipatu dute hamar lapurreta inguru pairatu dituztela martxoaren 26tik hona.
Azaldu dutenez, martxoaren 26tik aurrera inguruko hainbat etxetan sartu dira, kasu batzuetan behin baino gehiagotan. Orotara, hamar kasu zenbatu dituzte, Ertzaintzak lau salaketa soilik erregistratu dituen arren. Izan ere, azken egunetan beste hainbat kasu pairatu dituzte, azkena astearte honetan.
Segurtasun kamaran harrapatuta
Bost bizilagun horien hitzetan, hutsik dauden eraikinetan eta bigarren etxebizitzetan sartu dira kasu gehienetan. Kobrea eta metalezko bestelako elementuak ostu dituzte gehienbat, baina baita bestelako objektuak ere, erlojuak edo bitxiak kasu.
Kasu horietako batean etxebizitzak bazuen segurtasun kamara bat, eta bertako irudietan bi pertsona agertzen ziren. Auzokideek Ertzaintzari pasa zizkioten bideo horiek. Horrez gain, Udalarekin eta komisaldegiko arduradunarekin ere bildu dira hainbat aldiz azken egunetan.