Atzo gizon gazte bat hilik agertu zen Zaballako espetxean. Presoa laudioarra zen eta astelehenean atera behar zen kartzelatik. Zenbait hedabidek adierazi dute ez zuela indarkeria zantzurik, baina Aiaraldea Komunikabidea bere familiarekin jarri da harremanetan eta aipatu du ez duela informaziorik.
Senideek soilik dakite autopsia egin behar diotela gorpuari, baina azpimarratu dute ez dutela aukerarik izan ezta ikusteko ere eta ez dietela aparteko daturik eman.
Dirudienez, atzo 10:00ak aldera komunikatu zieten heriotza eta geroztik ez dakite ezer gehiago. "Bere bila joateko deia espero genuen, astelehenean aterako zelako behin betiko, baina ez da horrela izango", argitu dute.
Berez, ez da aurten Zaballako presondegian gertatu den lehen heriotza, otsailean beste preso bat zendu baitzen.