Ezkor zeuden antolatzaileak hasieran, bazekitelako auto klasiko batzuk faltako zirela eguraldi iragarpenaren ondorioz. “Izan ere, askotan deskapotableak dira edo jabeek nahiago izaten dute euriarekin arriskurik ez hartzea”, azaldu diote San Roke Racing Club taldeko kideek Aiaraldea Komunikabideari.
Baina eguraldiak hobera egin zuen igande goizak aurrera egin ahala, eta “espero gabeko parte hartzaile asko” agertu ziren azkenean Laudioko Aldai plazan atondutako auto klasikoen kontzentrazioan, 60 ibilgailu biltzera iritsiz.
Autoen aniztasuna goraipatu dute klubeko kideek, egon zirelako “marka exotikoak” (Triumph, Ponta, Pontiac…) eta baita “marka ezagunagoetako modelo bereziak ere” (Mercedes, Toyota, Porsche…). “Protagonista klasikoak” ere ez ziren falta izan, Seat, Renault edota Montesa konpainienak kasu. “Mota guztietako ibilgailuak izan ziren, motozikletetatik hasi eta jendearen arreta gehien piztu zuen Peterbilt kamioi amerikar erraldoiraino”, nabarmendu dute antolatzaileek.
13:30etara arte luzatu zen ekimena, eta ordu horretan banatu zituzten sariak, Ainize Gastaka alkatearen laguntzarekin: urrunenetik etorritako parte-hartzaileari, baita autorik eta motozikletarik zaharrenari ere. Baleak ere zozketatu zituzten “garbiketa naiz detailing moduko lanetarako, Erandioko Retromobileko espezialisten eskutik”.
Udalaren eta babesleen laguntza eskertu dute antolatzaileek, baita beste klub batzuetatik (Basque Classic Club, adibidez) jasotako babesa ere, euren ibilgailuak “oso ongi etorriak” izan zirelako topaketan.
Horrez gain, San Roke Racing Clubeko kideek aukera baliatu zuten euren jardunaren berri emateko:
View this post on Instagram
Argazkiak: San Roke Racing Club