Laudio Institutuko ikasleak Varsovian daude jadanik, Erasmus+ programari esker

Erredakzioa 2026ko apirilaren 21a

Apirilaren 19an igandean abiatu ziren Loiuko aireportutik Varsoviarantz, Laudio Institutuko DBH3 eta DBH4ko 12 ikasleak Erasmus+ proiektuaren barruan. Bidaia oso lasaia izan zuten, eta hegaldia arazorik gabe igaro zen. 

Varsoviara iristean, arratsaldean bertan, ikasle poloniarrak eta haien familiak zain zeuden aireportuan. Harrera beroa eta atsegina izan zuten eta euren ustez, esperientzia berezia izango dute.

Bidaiaren lehen eguna jarduera ugariz bete dute. Goizean, ikasleak klase saioetan egon ziren buru-belarri, bertako hezkuntza sistemaren dinamika ezagutzeko aukera paregabea eskaini diete eta. Ondoren, Harrera Ekitaldia eskaini zieten: poloniar ikasleek prestatutako dantza eta musika emanaldi eta herrialdeari buruzko aurkezpena.

Eguerdi aldera, hiria ezagutzeko lehen urratsa eman zuten, autobusa eta tranbia hartuta, Varsoviako erdigunera jo zuten. Horrela, ikasleek lehen harremana izan dute hiriaren giroarekin. Bertan, bi orduko bisita gidatua egin zuten ingelesez, bertako gida baten eskutik. Ibilbidean zehar, Varsoviako historiaren pasarte garrantzitsuenak ezagutzeko aukera izan zuten, baita hiriaren berreraikuntzaren inguruko xehetasun interesgarriak ere.

Bisita gidatua amaitu ondoren, ikasleak talde txikitan antolatu eta bazkaltzera joan ziren, bakoitza bere gustuen arabera hiriko jatetxe eta tabernetan esperientzia gastronomiko berriak izateko. Une aproposa izan zen, halaber, poloniar ikaskideekin harremanak sendotzeko eta eguneroko bizipenak partekatzeko.

Bazkalostean, arratsalde libreaz gozatzeko aukera izan zuten atzo. Denbora hori aprobetxatuz, askok bisita gidatuan ezagututako lekuetara itzuli ziren, oraingoan lasaitasun handiagoz, xehetasunetan arreta jarriz eta argazkiak ateraz. Horrela, goizean jasotako azalpenak barneratzeko eta hiriaren xarmaz sakonago gozatzeko aukera izan zuten.

Argazkiak: Laudio Institutua

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide