Maiatzaren 8an itzuliko da Ztanda talent showa ETB1era. Formatuaren hirugarren denboraldia izango da honako hau eta parte hartzaileen artean Ximena abeslari laudioarra dago.
Musikaren munduan ibilbidea egin ahal izatea izan du txikitatik amets Ximenak eta Ztandaren hirugarren denboraldirako castinga abiatuko zutela jakin zuenean, horretarako aukera ona izan zitekeela otu zitzaion.
Pentsatu eta egin, hala izan zela azaldu dio abeslariak Aiaraldea Komunikabideari: "Lau abesti jo nituen nire gitarrarekin. Handik eta aste batzuetara deitu zidaten barruan nengoela esateko eta segituan hasi ginen entseguekin".
Maiatzaren 8an hasiko dira emisioak, baina saioa jadanik bukatu da eta Ximenak ezin du ezer aurreratu
Dagoeneko talent showaren atal guztiak grabatuta badaude ere, bertan jazotakoari buruz ezin dezake ezer aurreratu Ximenak. Hori bai, bizitako abentura berri hau "bizitzan behin baino gertatzen ez diren gauza horietako bat" dela ziurtatu du laudioarrak.
Musikaren munduan gehiago murgiltzeko aukera baliatzeaz gain, bere "erregistroa probatzeko" asmoz joan da Ximena Ztandara. Azaldu duenez, bost urte zituela hasi zen abesbatzan kantatzen eta bertan ikasitakoak islatu ditu programan.
Ztandan bizitako esperientziak ikasketa berriak etxera eramateko ere balio izan dio Ximenari: "Jende pila ezagutu dut eta asko ikasi dut bai nire kideengandik eta baita programako lantaldearengandik ere".
Horregatik, musikan bere ibilbidea sakondu nahi dion edonori gomendatuko lioke "noizbait horrelako aukerarik suertatzen bazaio ez uzteko pasatzen, ate berriak zabaltzen baitira".
Abesti propioak
Arestian esan bezala, kanta propioak ere sortzeari ekin dio musikari laudioarrak. Hain zuzen, Faktorian plazaratu zuen bere lehen abestia, bere lehen kontzertuan. Aiaraldea Komunikabideak osorik grabatu zuen emanaldia eta hemen ikusi daiteke.