Kultur sorkuntza Aiaraldean

Maik Fallsek bere laugarren diskoa plazaratu du: 'Barruko mendiak'

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 22a

Apirilean argitaratu du diskoa. / M. F.

Jadanik salgai dago eta Aiaraldea Komunikabideak bi kopia zozkatuko ditu, hemen.

Miguel Ibarretxe musikariak disko berria kaleratu du Barruko mendiak. Maik Falls alter egoaren bitartez egin du izen horrekin plazaratutako hirugarren lana da. Aurretik izan ziren Reset (2016), Eyes Shut (2018) eta Pause (2023).

Musikari dagokionez, elektronika alde batera utzi gabe, trip hop, lofi eta downtempo doinuak atzean utzi eta ambient generoan sartu da buru-belarri. Aldaketa hori azaltzeko, sortzaileak aipatu du musika mota horrek aukera ematen diola hitzez adierazi ezin dena esateko.

Dena den, hori ez da lan berriak islatzen duen berritasun bakarra. Izan ere, abesti guztien izenburuak euskaraz dira:

  1. Baserria
  2. Basoa
  3. Baseliza
  4. Etxola
  5. Gailurra
  6. Aitzuloa
  7. Aterpea
  8. Barruko mendiak

Horrez gain, ilustrazio guztiak egileak berak sortu ditu eta berak gogoko dituen tokiak islatzen dituzte. 

Bi elementu berri horiei buruz galdetzean, Ibarretxek honako hau erantzun du: "Nire diskoa mendiarekiko dudan pasiotik sortzen da, eta edizio fisikoan ikus daiteke: mendiak, baselizak, baserria, haitzuloa… . Baina geruza hori sarrera besterik ez da. Musikan sartzen zarenean —CDan ez dago inolako mendiak edo....— lurralde fisikotik lurralde pertsonalera pasatzen zara. Mendiak geografia izatetik metafora izatera igarotzen dira. Albumak barruko mendiak ditu hizpide: prozesu emozionalak, barne begirada. Mendian bezala, badira gogortasun uneak, isiltasuna, lainoa eta argitasuna. Musikak barruko bidaia hori lagundu nahi du".

Horrez gain, bere senide baten omenaldia txertatu du: "Diskoan oso maite nuen senide baten argazkia agertzen da (Ascensión Ibarra); tiple komikoa izan zen, zarzuela eta operako kantaria. Haren presentziak memoria, sustraiak eta transmisioa ere ekartzen ditu diskora".

Barruko mendiak bandcamp bidez eskuratu daiteke, baina Aiaraldea Komunikabideak bi kopia ere zozkatuko ditu, hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide