Igor Castillo laudioarra 75. sailkatu da World Cross Country Tourrean

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 23a

Igor Castillo lasterketa batean.

Kirolariak azaldu du lorpen handia dela 50 urteko lasterkari batentzat eta balioan jarri du euskal herritarrentzat egingarriagoa dela, puntuagarriak diren lasterketak baitaude herrialdetik atera gabe.

Munduko zirkuitua den World Cross Country Tourrean emaitza oso positiboak eskuratu ditu Igor Castillo atleta laudioarrak, 75. sailkatu baita. Kirolariak balorazio ona egin du, aintzat hartuta 50 urte dituela, eta meritu apurra kendu gabe, aitortu du euskal lasterkariek eskura dutela sailkapen interesgarria erdiestea.

Berez, lehiaketa hau munduko 27 lasterketek osatzen dute. Gehienak Europan dira, eta ziurkutuan proba puntuagarria izateko mundu mailako korrikalarien parte hartzea bermatu behar dute antolatzaileek. Horrek ekartzen du kirolari horien katxeak ordaindu behar dituztela.

Gauzak horrela, Euskal Herrian World Cross Country Tourreko lau lasterketa jokatzen dira. Horietako bi urrezkoak dira -Zornotza eta Elgoibar- eta beste bi zilarrezkoak -Amurrio eta Donostia-. 

Igor Castillok horietako hiru lasterketetan parte hartu du: Amurrion, Zornotzan eta Elgoibarren. Azken bietan atletak kanporatzeko araua dago, lehenengo sailkatuak bikoizten baditu, ez dute punturik lortzen, eta hori erronka handia da profesionalak ez diren kirolarientzat. Laudioarrak bereziki goraipatu du Elgoibarren egindako lana, ibilbide gogorra baita.

Bigarren aldia lehen 100 sailkatuen artean

Berez, bigarren aldiz lortu du Castillok  World Cross Country Tourreko lehen 100. sailkatuen artean egotea. Iaz 97. izan zen, baina ez zen konturatu. Alegia, Pablos Mas Oinkariak klubeko presidenteak jakinarazi zion.

Ondorioz, azken denboraldian kontzienteki lehiatu da zirkuitu horretan emaitza hobetzeko. Horrez gain, Euskadiko Kros Liga ere irabazi du, Master 50 kategorian.

Familiaren bidea jarraitzen

Igor Castillok nabarmendu duenez, bere zaletasuna ez da ezer ezetik sortu, bere gurasoak Laudio Atletismo Klubeko kideak izan baitziren elkartearen hastapenetan. Bereziki goraipatu du Loli Ruiz Solaunek, bere amak, Donostiako Nazioarteko Krosean 80ko hamarkadan parte hartu zuela, garai horretan emakumezko oso gutxik egiten baitzuten kirola.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide