Goizean, ikasleek adimen artifizialarekin aurkezpenak sortzeko tailer batean parte hartu zuten, Gamma aplikazioa erabiliz, zehazki. Ondoren, jarduera praktiko bati ekin zioten, Lego piezekin mugimendua duen figura bat sortzeko, sormena eta pentsamendu teknologikoa uztartuta.
Jarraian, taldeak aukera izan zuen Euforia izeneko eskola-dantza lehiaketa batean parte hartzeko ikusle gisa. Ekitaldi horretan, Białołęka barrutiko hainbat ikastetxeetako ikasleak lehiatu ziren.
Ikastetxeko zuzendariak azaldu zuenez, dantzak eta kirolak garrantzi handia dute Poloniako hezkuntza-sisteman. Lehiaketa amaitzean, barrutiko alkateak mugikortasunean parte hartu izanaren ziurtagiriak banatu zizkien ikasleei, eta bisitaren oroigarri bana ere eman zien.
Ondoren, jarduera berezi eta bakarraz gozatu dute: 1974ko autobus historiko batean egindako ibilaldia. Ibilgailua Varsoviako garraio publikoaren zaleen elkarte batena da, iraganeko ibilgailuak zaindu eta mantentzea helburu duena.
Autobus horretan, Białołęka auzoko historiari buruzko ibilbide gidatuak egiten dituzte. Lehen geldialdia 500 urte inguruko egurrezko eliza batean izan zen, Varsoviako eraikin zaharrenetarikoa. Gidak hiriarekin lotutako kondairak antzezteko proposatu zien ikasleei, eta esperientzia dibertigarria eta parte-hartzailea izan zen.
Gero, ibilbideak kultura-zentro batera eraman zituen, iragan mendean tratu txarrak jasandako emakumeentzako babeslekua izan zena, eta baita nazien okupazio garaian juduentzako babesgune ere.
Aste osoko ikaskuntza-esperientziari amaiera emateko, agur festa berezia antolatu zuten, eta bertan ikasleek une atseginak partekatu zituzten beren lagun poloniarrekin.
Argazkiak: Laudio Institutua