Urteroko eskema berdina baliatu zuten Rakataplako kideek atzo gauean San Prudentzio egunari hasiera emateko. Gaueko hamarretan abiatu zuten erretreta, eta Laudioko kale nagusiak girotu zituzten danbor-hotsekin.
Herriko plazan amaitu zuten kalejira. Bertan, minutu batzuetako isilunea egin zuten, udaletxeko erlojuak gaueko hamabiak markatu arte. Berriz jotzeari ekin zioten orduan, elkarteko ordezkari batzuk balkoiko ikurriña altxatzen zuten bitartean.
Ohikoan bezala, dozenka lagun animatu ziren erretretan parte hartzera, eta herritar ugari ere gerturatu ziren ekimenaz gozatzera.