Laudioko udal gobernuaren “paralisia” salatu dute oposizioko talde guztiek, apirileko plenoan ez delako edukirik landu

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 29a

Adierazpen bateratua plazaratu dute EAJ, Omnia eta PSE-EEk.

Udal gobernuak “salbuespeneko egoera” gisa definitu zuen asteleheneko plenoan gertatutakoa.

Adierazpen bateratua plazaratu dute Laudioko Udaleko EAJ, Omnia eta PSE-EEren taldeetako ordezkariek, “EH Bilduren udal gobernuaren paralisia” salatzeko. Izan ere, ohartarazi dutenez, astelehenean eginiko apirileko Udal Osoko Bilkuran ez zen inolako gairik landu, aurreko aktaren onarpena izan baitzen puntu bakarra, eta hori ere ez zen onartu, itzulpena osorik eginda ez zegoelako. 

Oposizioko talde guztiek nabarmendu dute astelehenekoa ez dela “gertaera isolatu” bat, “hilabeterik hilabete errepikatzen den patroi” bat baizik. Horrez gain, nabarmendu dute “joera argi bat” erakusten duela plenoen bilakaerak: “urtarrilean, gaiak batez ere antolakuntzako barne-gaietan zentratu ziren; otsailean eta martxoan, edukiaren zati handi bat gobernu taldekoak ez diren ekimenei egokitu zitzaien; eta apirilean, berriz ere, osoko bilkurak ez du eduki politiko garrantzitsurik izan”.

Gauzak hala, hiru talde politikoek uste dute apirilekoa ez dela izan “karga gutxiagoko osoko bilkura puntual” bat, “planifikaziorik, ibilbide-orririk eta ekimen propioak sortzeko gaitasunik gabe gobernatzeko modu baten” adibide bat baizik.

Oposizioko talde guztiek nabarmendu dute astelehenekoa ez dela “gertaera isolatu” bat, “hilabeterik hilabete errepikatzen den patroi” bat baizik.

Horregatik, oposizioak iritzi du egoera hori “errespetu falta” dela Laudioko herritar eta eragile sozial, ekonomiko eta kulturalekiko. "Udalerri honek 18.000 bizilagun baino gehiago ditu, eta 25 milioi eurotik gorako aurrekontua; ezin da pultsurik, ekimenik eta anbiziorik gabeko gobernurik onartu", ondorioztatu dute.

Udalaren erantzuna

Udal gobernuak asteleheneko plenoan bertan erantzun zien oposizioko taldeei, gertatutakoa “salbuespeneko egoera” bat dela argudiatuta. Udalak erabakitzeko hiru eremu dituela azaldu zuen Ainize Gastakak, eta ziurtatu zuen gainontzekoetan jarraitu dela erabakiak hartzen. “Tokiko Gobernu Batzordean, adibidez, 14 puntu egon dira azkenekoetan”, nabarmendu zuen alkateak, “lan gutxi egiten dela adierazteko gaurko gai ordena erabili nahi bada, guk legegintzaldiko gainontzeko gai-ordenak ekarri ahal ditugu mahai gainera eta azaldu zenbatetan gaiak eta lana ekarri ditugun”.

Horri lotuta, gobernuburuak aurreratu zuen hurrengo osoko bilkuretarako gaiak egongo direla eta “aurki” jasoko dituztela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide