Gaur eguerdian amaitu dira Gardeako jaiak. Itxarkundia dantza taldearen emanaldia egon da lehenbizi, eta jarraian iritsi da eguneko (eta, seguraski, jai guztietako) unerik berezienetako bat. Urtero bezala, auzoko pertsona edadetu bat omendu dute, eta aurten Benito Fernandezi egokitu zaio.
Senidez inguraturik jaso du bizilagun beteranoak aitortza, ehunka lagunen artean. Jai Batzordeko kideek nabarmendu dutenez, Fernandezek 70 urte baino gehiago daramatza Gardean bizitzen. Lugotik (Galizia) iritsi zen Laudiora, eta oso inplikatuta egon da auzoko bizitzan, elizari lotutako jardunean batez ere. "Bera arduratu da urte luzetan zehar auzoko eliza mantendu eta txukun eta polit izateaz", nabarmendu dute omenaldiaren antolatzaileek.