BIDEO ERRPORTAJEA

Tipularren Etxea: 12 lagun kale gorrian geratzeko arriskuan

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 6a

Bi prozesu judizial amaitu ostean, kaleratze arriskuan daude Laudioko Tipularren Etxeko bizilagunak. Ondorioz, hamabi lagun kale gorrian geratuko dira. Aiaraldea Komunikabideak bertako bizilagunekin hitz egiteko aukera izan du.  

Okupazioaren gaia eztabaida politikoaren erdian kokatu da, baita Aiaraldean ere. Ildo horretan, azken hilabeteetan iritzi publikoaren jo-puntuan egon da Laudioko Tipularren Etxea, urtebete igaro baita bertan jendea sartu zenetik bizitzera. Kasua epaitegietara iritsi ondoren, eraikina husteko arriskuan dago uneotan.  

Kale gorrian bizi ziren hamabi gazte aljeriar bizi dira barruan. Eraikina irekita topatu zuten iazko neguan eta lo egitera sartu ziren

Berez, XIX. mendeko etxe horretan bizitzeagatik auziperatutako gazteak absolbituak izan ziren iragan uztailean, Amurrioko epaile batek interpretatu baitzuen ez zirela ematen baldintzak zigortzeko.

Kasu horretan, epaileak argudiatu zuen URA Agentziak Nerbioi ibaian egindako lanen ondorioz, etxearen inguruan zeuden sastrakak garbitu ez ezik, horma bat ere bota zutela eta, horren ondorioz, eraikina irekita zegoela utzi zutela agerian. Epailearen ustez, etxe horretan sartzeak ez zuen kalterik eragin, aintzat hartuta 2008an ere okupatuta egon zela eta jabeak, hori jakinda ere, ez zuela salaketarik aurkeztu orduko hartan. Horrez gain, lehen epai horrek ebatzi zuen salaketa jarri baino lehen jabeak ez ziela ezer adierazi barruan zeudenei eta, hori dela medio, ez ziela jakinarazi bertan bere borondatearen kontra zeudela.

Bigarren epaiketan, kalera

Dena den, absoluzioa iritsi zenean, etxearen jabeak berriz jarri zuen salaketa. Amurrioko epaitegiko beste epaile batek hartu zuen kasua, eta orduan bai, bere erabakia izan zen identifikatutako lau lagunak zigortzea 2.400 euroko isunarekin (600 euro bakoitzeko) eta kaleratzearekin. Epaile horrek aipatu zuen Ertzaintzak kondenatuei jakinarazi ziela salaketa bat zegoela euren aurka eta, hala ere, ez zutela etxea utzi. Horrela, jabearen asmoen kontra egin zutela ondorioztatu zuen. 

Halaber, bigarren epaileak ez zuen sinetsi akusatuen deklarazioa. Hauek azaldu zuten ez zutela ulertu poliziak zer esan zien, ezta zein dokumentu sinatu zituzten ere. Baina epailearen iritzia da hori abokatuak esatea aholkatu ziela (ñabardura gisa, aipatu beharra dago erreportaje hau osatzeko gazte horiekin hitz egiterakoan itzultzailea behar izan dutela etengabe Aiaraldea Komunikabideko kazetariek).

12 lagun kalera

Epaiak epai, argi dagoena da Amurrioko Epaitegiak Tipularren Etxea hustea agindu duela eta horrek eragin zuzena izango duela bertan gaur egun bizi diren hamabi lagunen bizitzetan. Pertsona horiek Aljeriako adin ezberdinetako gazteak dira. Batzuk duela gutxi bete dituzte 18 urte. Beste batzuk, aldiz, nagusiagoak dira. Guztiak zeuden kale gorrian bizitzen eta trena erabilita heldu ziren Laudiora. 

Tipularren etxean jazotzen ari dena, dena den, ez da kasu isolatua eskualdean eta ez dio erantzuten bakarrik Aiaraldeko errealitateari. Iñaki Carro, lehen epaiketan akusatuek izan zuten defendatzailea, Bilboko Okupazio Mugimenduko abokatua da eta azaldu du antzeko epaiketak sortzen ari direla Bizkaiko hiriburutik at duela bi urtetik hona. “Lehen Bilbon genituen horrelako kasuak, baina bi urtetik hona Aiaraldetik edo Durangaldetik ere etortzen zaigu jendea. Zuen eskualdean ere Urduñan eraman nuen kasu bat, adibidez. Horretan gazte batzuk lonja batean sartu ziren bizitzeko”, azaldu du. 

Profil aldaketa

Bere hitzetan, "okupen" profila bestelakoa zen lehen, eta sistematik kanpo bizitzen saiatzen zen jendearena izan zitekeen. Gaur egun, aldiz, kale gorrian bizi behar diren gazte migratzaileak daude behartuak bide hori hartzera; lo egiteko lekurik ez daukatelako edo ez dutelako dirurik gela bat ordaintzeko.

Abokatuak gaineratu nahi izan du beste datu bat: okupatzen diren etxeetan, sarritan, ez dagoela inolako deliturik. “Gazte hauek erabiltzen dituzten etxeak erabat abandonaturik eta hondaturik daude. Ondorioz, ez diete inolako kalterik sortzen jabeei eta batzutan absoluzioarekin edota isun txikiekin amaitzen dira epaiketak”, nabarmendu du. 

Tipularren Etxea horren adibidea da. XIX. mendeko etxea da eta 1999tik dago hutsik. Tarte batez okupatuta egon zen 2008. urtean, baina jabeak ez zuen ezta salaketarik jarri, lehen epaiketako sententzian nabarmentzen denez. 2025eko neguan, non lo egin ez zuten gazteek atea irekita topatu zuten eta barrura sartu ziren. Konponketa txikiak ere egin dituzte ordutik hona. Hala ere, barrutik paseo arina egitea baino ez dago berresteko ez dela etxebizitza egokia eta soilik beste aukerarik ez duena bizi dela barruan.

Esaterako, eraikinak ez dauka gutxieneko zerbitzurik, ura kasu. Leihoen kristalak hautsita daude eta korronteak nabaritzen dira. Sabaia ere erori da leku batzuetan. “Egun batez ohe baten gainean erori zen sabaia. Zorionez, ez zegoen inor lotan”, aipatu diote gazteek Aiaraldea Komunikabideari.

Arratoiak, hezetasuna, sabai eroriak, urik ez... Okupatzen dituzten eraikinek ez dituzte gutxieneko bizi baldintzak betetzen, baina bide hori hartzen duten migratzaileek ez dute beste aukerarik, kale gorria ez bada

Horrez gain, hezetasun arazoak bistakoak dira eta kirats jasanezina sortzen dute etxearen toki batzuetan. Eta hori ez da okerrena, han daudenetik, gazteek nabaritu dute arnas aparatuak okerrera egin diela. Irudia borobiltzeko, arratoiak ere daude, eraikina ibaiaren alboan kokatuta dagoelako, eta euren presentzia mugatzeko, ogi puskak uzten dizkiete funtzionatzen ez duen sukaldean.

Inork erabili ezin duen higiezin horretan, orduan, zergatik jartzen dituzte jabeek abian epaitegien mekanismoak? Iñaki Carrok erantzun dio horri: inguruko auzokideek presionatzen dituztelako. Tipularren Etxea ere horren adibidea da. Jabeak ez zekien ezer eta hirugarren batek jo zuen beregana okupazioaren berri emateko, lehen sententzian azaltzen denaren arabera. 

Europara bidaia

Okupatutako eraikinek ez badute gutxieneko bizi baldintzarik eskaintzen, zergatik erabakitzen dute gazte hauek han sartzea? Oso erraza da erantzuna: ez dutelako beste aukerarik. Tipularren Etxeko bizilagunak bere kabuz heldu ziren Euskal Herrira, lan baimenik gabe. Batzuek pateran egin zuten bidea oso modu arriskutsuan. “Heriotzari begietara so egin genion itsasoan, uste nuen nire lagunak eta ni hilko ginela”, aipatu dio batek Aiaraldea Komunikabideari. 

Europara heltzean, ez dute esperotako egoera idilikoa topatu. Lan baimenik ez dutenez, ezin dute enplegurik lortu eta, lanposturik eta dirurik gabe, ez dute etxerik. Kale egoera aurretik ezagutu ez duten arren, batzuentzat beranduegi da atzera egiteko. “Aljerian garraiolaria nintzen. Nire kamioia saldu nuen hona etortzeko, eta orain ezin naiz itzuli, ez daukat ezer, diru guztia gastatu dut amets honen atzean”, azaldu du beste batek. Ametsa, askorentzat, amesgaizto bilakatu da eta nekez lortzen dute egunero aurrera egitea.

Txatarra biltzea

Txatarra jasotzea da bizirauteko modua lan merkatuan sartzerik ez dutenentzat. Jarduera ez da samurra. Zabor artean bilatu beharra dago, goitik behera Bilbo arakatu (edukiontzi gehiago baitaude bertan) eta metalak garraitu gurditxo batean edo besoetan eta, gainera, oztopoak saihestu. 

Traba handienetako bat da txatarra erosten dutenek migranteen legez kanpoko estatusa baliatzen dutela ahalik eta gutxien ordaintzeko. Beste arazo bat da sarritan poliziak kentzen diela txatarraren uzta, lapurtu dutela argudiatuta. 

Hori, gainera, ez da bakarrik txatarrarekin gertatzen. Tipularren Etxean bizi den gazteetako batek kontatzen du berak ez daukala indar nahikorik txatarran aritzeko. Hori egin ordez, zaborrean bilatzen ditu Wallapop bezalako sare sozialetan sal ditzakeen objektuak: “Ez dut diru asko ateratzen, bi edo hiru euro salmenta bakoitzeko, baina nire janaria ordaintzeko balio dit, eta apur bat gehiago lortzen badut, nire semeari bidaltzen diot”. Tamalez, salatu duenez, poliziak behin baino gehiagotan kendu dizkio birziklatutako gauzak Laudion zein Bilbon (gutxi apurtutako padel raketak edo telefonoak kargatzeko gailuren bat) eta lapurtzea leporatu dio.

Etxeko bizilagunek Lanbide Heziketan eta Helduen Hezkuntzan eman dute izena ogibidea eta gaztelera ikasteko

Laudion errotzeko nahia

Trabak aintzat hartuta ere, Tipularren Etxean bizi diren gazteek asmoa daukate Aiaraldeko herritarrak bilakatzeko. Horretarako, inguruko ikastetxeetan eman zuten izena ikasturte hasieran. Lanbide Heziketan eta Helduen Hezkuntzan aritzen dira ogibidea eta gaztelera ikasten.

Urrats hori egiteko ezinbestekotzat jo dute Tipularren Etxean toki bat izatea. “Hemen bizitzeak aukera eman digu leku bat izateko eta ikasketetan kontzentratzeko. Kalean bizi zarenean ezin duzu ikasi. Une oro ari zara pentsatzen non lo egin ahalko duzun eta segurua izango ote den, etengabeko kezka da”, aitortu du gazte batek, Zaraobe Institutuan ikasten duenak eta inguruko enpresa batean praktikak lortu dituenak. 

Erregularitzatzeko oztopoa

Aurrera eta atzera egiten duten gazte hauentzat, okupazioa izan da migrazioak ekarri dien irtenbiderik gabeko kalearen azken kantoia. Alde batetik, Tipularren etxean bizitzeak egonkortasun apurra eman die azken hilabeteetan ikasteko eta errutina izateko, baina orain larrutik ordainduko dute zigortutakoek. Izan ere, 600 euroko isunaz gain (ez dena gutxi inolako baliabiderik ez duten pertsonentzat) epaiak aurrekariak sortu dizkie eta horrek ateak itxiko dizkie Espainiako Gobernuak ireki berri duen premiazko erregularizazio prozesuan. Gauzak horrela, ezingo dira neurri horretaz baliatu eta are denbora gehiago itxaron beharko dute lan baimena eskuratzeko.

Horri gehitu behar zaio laster kale gorrian geratuko eta hasierako egoerara itzuliko direla, eta hautatu beharko dute: kalean bizi eta ikasketei eta bizitza normal bati agur esan edo beste higiezin abandonatu batean sartu euren bizitza eraiki ahal izateko. Modu batean edo bestean, kaleratzearekin ez da arazoa konponduko; gehienez, lekuz aldatuko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide