EAJk kritikatu du Laudioko Udalak dirulaguntza bat itzuli beharko duela ez dituelako epeak bete

Maider Ramirez Martin 2026ko maiatzaren 8a

Bitorika kaleko galtzada egonkortzeko zen dirulaguntza. / EAJ

Bitorika kaleko galtzada egonkortzeko Aldundiak emandako 20.000 euroko laguntzari lotutako gertakaria da jeltzaleek salatu dutena. Prozesuan egondako ezusteen ondorioz epeak atzeratu zirela eta obra dagoeneko eginda dagoela adierazi du EH Bilduk.

Laudioko EAJk ohartarazi du Arabako Foru Aldundiak emandako 20.013,53 euroko dirulaguntza bat itzuli beharko duela Udalak, Bitorika kaleko galtzada egonkortzeko obrak ez baitira epeen barruan egin. 

Hain zuzen ere, Ander Añibarro jeltzaleen ordezkariak azaldu du obra amaitzeko hasierako epemuga 2025eko azaroaren 30a zela, eta Udalaren eskaeraz hilabete luzatu zela. Abenduaren amaierarako ere ez ziren lanak amaitu eta bigarren luzapena deuseztatu zuen Aldundiak. Hori dela eta, dirulaguntza itzuli beharko du Udalak, printzipioz. 

EAJren ustez, egoera horrek agerian uzten du EH-Bilduko gobernu-taldearen "planifikazio eta kudeaketa-gaitasun falta". Salatu dutenez, Udal batek dirulaguntza prozesu baten epeak eta baldintzak ezagutu beharko lituzke.

Gaur egun, obrak amaituta daudela ziurtatu eta dirulaguntzaren baliogabetze-prozesuaren alegazio-prozedura martxan dela ziurtatu du Udalak. 

Añibarrok nabarmendu du EH Bilduren dinamika errepikakorra dela honako hau: "Kudeaketa eskasaren ondorioz udalerria hobetzeko galdutako aukeren beste adibide baten aurrean gaude. Gure kaleak hobetzera bideratu zitezkeen baliabide publikoez ari gara, baina etxeko lanak garaiz ez egiteagatik galdu egiten dira".

EH Bilduren azalpenak

EH Bilduk, bere aldetik, gaiaren inguruko azalpenak eman ditu eta prozesua 2024ko ekainean hasi zela adierazi du, memoria baloratua idatzi zenean. 2025eko maiatzean AFAk jakinarazi zuen dirulaguntzaren onarpena, 2025eko Obra Txikien Exekuzio Programaren barruan. Jarduketekin hasteko 2024ko ekitaldiaren likidazioari itxaron behar izan ziotela azaldu du gobernu-taldeak, eta horrek lanen garapena baldintzatu zuela.

Behin obrak hasita ere, gorabeherak izan ziren: hasieran ikusitako irtenbidea, errailak sartzea, alegia, ez zen bideragarria lurzorua gogorregia zelako. Horren aurrean, mikropiloten bidezko sistema alternatibo bat birplanteatu zen irtenbide gisa. 

Egoera berri horri egokitzeko, lehenbiziko luzapena eskatu zuen Udalak eta,lehenago aipatu bezala, 2025eko abenduaren 31ra arte eman zion Aldundiak. Prozedura berri horretaz arduratuko zen enpresak, ordea,  Udalari jakinarazi zion ezin izango lanak zituela hasi 2026ko urtarrilaren erdialdera arte, eta horrek bigarren luzapen-eskaera egitera eraman zuen.

Bigarren eskaera hori, ordea, ez du AFAk onartu, "lanak ezin zirelako 2025eko diruz lagundu daitekeen epearen barruan justifikatu". 

Gaur egun, obrak amaituta daudela ziurtatu eta dirulaguntzaren baliogabetze-prozesuaren alegazio-prozedura martxan dela ziurtatu du Udalak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide