Erronka kitzikagarria izango du CD Laudioko gazte taldeak larunbatean 16:00etan Ellakurin. Izan ere, Nazional mailako azken jardunaldia da eta kategoria hori galduko duen azken taldea jokoan egongo da.
Berez, CD Laudiok 39 puntu ditu eta berdinduta dago Santutxu FC B eta Tolosa CDrekin. Zarautz KEk puntu bat gehiago dauka eta Bergarak KEk eta Hernani CDk, aldiz, bi puntuko aldea dute.
Laudioarrek ahalik eta jarraitzaile gehien elkartzeko deia zabaldu dute eta gogoratu dute bere kapitainak lesioa izan duela eta ezingo duela futbol zelaira atera.
Jokoan dauden azken hiru puntu horiek, hortaz, sei talde horietako bat kondenatuko dute maila galtzera eta presioa handia izango da. Gauzak horrela, CD Laudio jadanik kategoria galdu duen Arenasen kontra lehiatuko da. Borroka horretan buru-belarri sartuta dauden talde batzuek ere neurtu beharko dituzte indarrak zuzenean, Santutxu B-k eta Bergarak alde batetik, eta Hernanik eta Tolosak bestetik, hain zuzen.