Aretako Kultur Etxea, burokraziaren labirintoan irtenbide bila

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 13a

Kultur etxea Aretako Egunaren ospakizunean. / Aiaraldea.eus

Aretako Kultur Etxea tokiko eragile kultur erabakigarria da eta 2019tik saiatzen ari da bere egoera erregularizatzen. Baina ia zazpi urte eman ditu ereduan asmatu gabe, Laudioko Udaleko burokrazian harrapatuta eta, bereziki, tekniarien desadostasunetan, euren ustez.

Aretako Kultur Etxea inguruko eragile kultural eta sozial oso garrantzitsua da. "Egunero jardueraren bat daukagu, izan ikastaroak, bilerak... eta ez bakarrik aretarrentzat, inguruko herrietako jendeak ere erabiltzen baitu" adierazi dute dinamizatzen duten bi kidek, Urtzi Garaik eta Maria Jesus Mardozek.

Dena den, proiektua impasse batean dago sartuta eta bere arduradunei luzeegia iruditzen zaie. "2019an taberna kudeatzen zutenek utzi zutenean, erabaki genuen bazela garaia Kultur Etxearen egoera erregularizatzeko, ez baitzegoen argi zein zen bere status legala", azaldu dute. 

Lehenik eta behin, higiezinaren jabegoa argitu eta Udalarena bilakatzea izan zen helburua. Gero etorri zen askatzen asmatu ez duten korapiloa: erabilera eredua zehaztea eta ezartzea. 

Konpondu gabeko traba

Tarte luze horretan, 2023ra arte ez zuten lortu espazio kulturalaren behin-behineko lagapen kontratua sinatzea Udalarekin, baina dokumentu horrek ez du konpontzen dagoen arazo nagusia.

Izan ere, egunerokoa kudeatzen duten herritarrek topatzen duten oztopo handiena da atezain lanak beteko dituen norbait izatea: "Guk ez dugu kobratzen Aretako Kultur Etxearen jarduerak bideratzeko eta dauden behar ugariri erantzun behar diegu. Jendeak edozein unean deitzen digu gela bat hartzeko eta dauden ikastaroekin eta ekintzekin koordinatu behar dugu. Horrez gain, giltzen eta ateen irekiera eta itxiera ere gure gain hartu behar dugu".

Aretako Kultur Etxeak taberna irekita egotea behar duela aldarrikatzen dute bere erabiltzaileek, baina ez barra zerbitzua izateko, zerbitzariek atezain lanak bete ditzaten baizik.

Arazo hori bideratzeko, hain zuzen, aretarrek eskatzen dute  taberna funtzionamenduan egotea, 2019ra arte bezala. "Guretzat tabernaren garrantzia ez da, berez, barra irekita egotea, baizik eta tabernariek atezain lanak betetzea. Aretako Kultur Etxea hemengo bizitza soziala hauspotu eta biziberritzeko ezinbesteko tresna da", nabarmendu dute. 

Eta hor agertu dira traba gehienak, tabernak ez zuelako lizentzia ezta legeak ezartzen dituen baldintzak: komun eta sarrera irisgarria, sukaldea...

Prozesu horretan mugarri garrantzitsuak aldatu behar izan dituzte. Esaterako, sukaldea egokitzeko lanak 2024an abiatu behar zituzten; baina, esleipena egitear zeudelarik, konturatu ziren erreserbatutako dirua ez zegoela jadanik eta partida berria gaitu behar izan zuen Udalak. Ondorioz, 2025eko azaroan ekin zieten obra horiei.

Teknikariekin desadostasunak

Arazoak arazo eta nahi baino beranduago ere, tabernaren afera bideratzen ari zela zirudien, baina ordutik hona agertu zaien horma nola gaindituko duten ez dago argi oraindik. Izan ere, bi aukera posible zeuden mahai gainean. Alde batetik, Kultur Etxearen lagapen kontratua egitea edo esleipen publikoa deitzea.

Urte hauetan aztertu den irteera da aretarrei lagapen kontratua egitea, baina horretarako txosten teknikoa behar dute, zeinak agerian utzi behar du taberna zerbitzuaren beharra proiektuak aurrera egin dezan. 

Norabide horretan urratsak egin ostean, azken hilabeteetan Udalaren zerbitzu tekniko eta juridikoek adierazi dute zenbait egoera ematen direla, araudiari dagokionez, ez dutenak argi uzten erakundeak berak proposatutakoa egokia den edo ez.

Azken hilabeteetan Udalaren zerbitzu tekniko eta juridikoek adierazi dute zenbait egoera ematen direla, araudiari dagokionez, ez dutenak argi uzten erakundeak berak proposatutakoa egokia den edo ez.

Azkenean, apirilean udal gobernu taldeak konpromisoa hartu zuen lagapen kontratuaren alde egiteko, behin-behinean eta teknikariek aipatutako egoera horiek konponduko dituen akordioa lortu arte.

"Guri berdin digu, modu batean zein bestean irekitzea taberna, baina ahalik eta lasterren egitea behar dugu, gainezka baitaude jadanik. Diru eta indar inbertsio handia egin dugu auzolanetan eta eguneroko jarduerak antolatzen eta erritmo hau ez da jasangarria elkarte batentzat, uste dugu herritarrok erakundeek baino ahalegin handiagoa egiten ari garela", adierazi dute Kultur Etxeko kideek.

Ondorioz, maiatzeko udalbatzara eramango dute gaia, prozedura arintzeko asmoz.

Udalak aitortza egin die Kultur Etxea kudeatzen duten herritarrei

Bere aldetik, Laudioko Udal gobernu taldeak goraipatu nahi izan du Kultur Etxean egiten den lana: "Aretako juntak egiten duen lana balioan jarri nahi dugu, gaur egun Kultura Etxea Aretako bihotza da. Azken bi urteetan, Kultura Etxeak behar zituen aldaketak burutzea gure erronka handienetako bat izan da, espazio duin bat merezi dutelako herritarrek. Bidean hainbat zailtasun aurkitu ditugu, baina Aretako komunitatearen etengabeko konpromisoari eta irmotasunari esker, une gogorrenetan ere aurrera egiten jarraitu dute. Denbora lerro berean, hitzarmen berri bat lantzen egon gara juntarekin elkarlanean, haiek baitira Aretako errealitatea hobekien ezagutzen dutenak eta lehen lerroan daudenak".

Ondorioz, maiatzeko udalbatzara eramango dute gaia, prozedura arintzeko asmoz.

Laster konponbidea

 Halaber, Udala baikor agertu da eta espero du hurrengo asteetan egoera bideratzea: "Hainbat tira-bira izan ostean kontu burokratikoak direla eta, proposamen bat izatea lortu berri dugu. Oraindik ez da tokiko gobernu batzordean onartu, baina aste hauetako kontua da. Hemendik, haien lana erraztu nahi dugu eta horretarako kudeaketa ahalbidetzea beharrezkoa da. Eta horrela, pausoz pauso eta elkarri eutsiz, bidea egiten jarraitzea gure konpromisoa da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide